Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

17 urte eta erdiko espetxe-zigorra, bikotekide ohia Gasteizen hiltzeagatik

Epaiketa azaro bukaeran amaitu zen. Auzipetuak emakumea 2014ko azaroaren 1ean hil zuela frogatutzat jo zuten epaimahaiko kideek.

Epaiketa azaroaren bukaeran amaitu zen. Artxiboko irudia: EiTB
Epaiketa azaroaren bukaeran amaitu zen. Artxiboko irudia: EiTB
Epaiketa azaroaren bukaeran amaitu zen. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Lurralde Auzitegiak 17 urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri dio 45 urteko gizon bati 42 urteko bikotekide ohia hiltzeagatik. Epaimahaiak erruduntzat jo zuen.

Epaiketa azaroaren bukaeran amaitu zen, eta egun bateko eztabaidaren ondoren, epaimahaiak erabakia aho batez hartu zuen: Venezuelako auzipetuak Dominikar Errepublikako emakumea hil zuen 2014ko azaroaren 1ean, goizaldean, Gasteizko Pilar auzoan.

Erabakia hartu ondoren, Lurralde Auzitegiak lau aste behar izan ditu sententzia idazteko. Gizonari 17 urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri dio, eta biktimaren senitartekoei 345.000 euroko kalte-ordaina ematera zigortu du.

Helegitea

Oscar de la Fuente auzipetuaren abokatuak aurreratu duenez, epaiari helegitea aurkeztuko diote EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.

Epaiak azaldu duenez, zigortuak 2014ko azaroaren 1ean, goizaldean, bikotekide ohia hil zuela frogatutzat jo dute. Emakumea masailean sastakatu eta buruan kolpatu zuen.

Gizonak aurrez pentsatuta eraso egin zion emakumeari, epaimahaiak frogatutzat jo duenez, “ezustean eta bat-batean”, defendatzeko inolako aukerarik eman gabe.

Epaileak gogorarazi duenez, biktimak beldurra zuela azaldu zuten zenbait lekukok epaiketan. Harremana eten eta beste bikotekide batekin hasi ondoren, beldur handiagoa zuen.

Hilketa gertatu zenetik susmagarria atxilotu arte, emakumearen ustezko desagerpenaren berri izanik, gizonak biktimari ez deitzea bitxia zela nabarmendu zuen epaimahaiak, are gehiago, aurreko hilean “askotan” deitu ziola kontutan hartuta.

Zigorra akusazioek eskatutakoa baino txikiagoa da; izan ere, Fiskaltzak 20 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen, eta Estatuko Abokatutzak 25 urtekoa. Bestalde, defentsak absoluzioa eskatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Delituak albisteak Epaiketak argazkiak Gasteiz Gaurko azken ordukoa Espetxeen azken ordukoa