Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Lau gazte identifikatu dituzte Barakaldoko sexu-erasoarekin lotura dutelakoan
Ustezko erasotzaileetako batzuk adin txikikoak dira. Horietako bi euren kabuz joan dira goizean Bilboko Fiskaltzara.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak lau gazte identifikatu ditu pasa den abenduaren 29an Barakaldon adin txikiko bati egindako sexu-erasoarekin lotura dutelakoan. Erasoa Carmengo trasteleku batean gertatu zen.
Horietako bi euren kabuz joan dira Bilboko Adingabeen Fiskaltzara, goizean, berri-agentziek ikerketaren iturriak aipatuta zabaldu dutenez.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, biktimak salaketa jarri ondoren abiatutako ikerketaren ostean lau gazte identifikatu dituzte.
Ikerketako iturrien arabera, ustezko erasotzaileetako batzuk adin txikikoak dira.
Ertzaintzak Bilboko Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi ditu izapideak eta agintari judizialei dagokie orain gazteen inguruko erabakia hartzea.
Erasoaren berri izan zenetik, hainbat kontzentrazio egin dituzte Barakaldon eta bertan ehunka herritarrek eta erakundeetako hainbat ordezkarik parte hartu dute.
________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.