Gizartea -
Abisu horia
Metro karratuko 60 litro bota ditzake larunbatean, Bizkaian eta Gipuzkoan
Ostiral gauean eta larunbatean beste abisu hori bat indarrean jarriko dute arduradunek, kasu honetan barnealdean elurragatik; izan ere, elur-kota 600 eta 800 metro artean kokatuko da.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia indarrean jarriko du ostiral honetako eguerdian, Bizkaian eta Gipuzkoan euri-jasak espero baitira. Abisuak indarrean jarraituko du larunbatean; izan ere, 24 ordutan metro karratuko 60 litro baino gehiago botatzea espero da.
Era berean, ostiral gauean eta larunbatean beste abisu hori bat indarrean jarriko dute arduradunek, kasu honetan elurragatik barnealdean; izan ere, elur-kota 600 eta 800 metro artean kokatuko da.
Gainera, larunbatean olatuengatik abisu horia ezarriko dute berriro kostaldean, 07:00etatik 08:00etara, eta nabigazioan arriskuagatik 18:00etatik aurrera.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri duenez, hego-mendebaldeko haizeak joko du ostiral honetako lehen orduetan. Hala ere, lainoek zerua azkar estaliko dute lurralde osoan.
Arratsaldeko lehen orduan, haizearen norabidea aldatu eta ipar-mendebaldetik sartuko da. Euria egiten hasi eta eguneko bigarren erdia gris eta euritsua izango da, etengabe eta gogoz botako du.
Tenperaturak behera egiten hasiko dira, baina maximoak leunak izango dira oraindik, 10-15 gradukoak. Elur-kotak behera egingo du eta eguneko azken orduetan 1.000 metroren azpitik kokatuko da.
Añarbeko urtegia badaezpada husten ari dira
Añarbeko Uren Mankomunitatea badaezpada urtegia husten ari da, 23 metro kubiko segundoko emariarekin.
Urumea ibaiak horretarako aukera ematen duen bitartean, urtegia emari horrekin husten jarraituko dutela erantsi du Añarbeko Uren Mankomunitateak.