Gizartea -

alerta laranja kostaldean

Bost metroko olatuek kalte txikiak eta irudi ikusgarriak utzi dituzte

Alerta laranja 07:00etan bukatu da, baina abisu horia egongo da indarrean egun osoan. Atzo bi emakume arin zauritu ziren Getarian olatu batek autobus bat jota.

Irudirik gabe
Irudirik gabe
Kalte arinak eragin dituzte olatuek Donostian

1:29

Eider Garaikoetxea | EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txarrena pasatu da. Sei metro arteko olatuengatik atzo ezarritako alerta laranja 07:00etan bukatu da, eta lehen balorazioa nahikoa positiboa da. Izan ere, ez da kalte aipagarririk izan kostaldean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez.

Eneko Goia Donostiako alkateak Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketa batean aurreratu duenez, Gipuzkoako hiriburuan ere ez dago aparteko kalterik.

Denborale honetako gertakaririk larriena atzo arratsaldean izan zen, Getarian. Bi emakume arin zauritu ziren N-634 errepidean barrena zihoan Lurraldebuseko autobus batek izandako istripuan. Olatu batek bete-betean harrapatu zuen ibilgailua, eta bi bidaiariak zauri arinak egin zituzten. Kostaldeko errepidea itxita egon da atzo arratsaldetik, baina gaur berriro zabaldu dute, 07:30ean.

Ezarritako segurtasun neurriei esker ez da bestelako arazorik izan. Hain justu, segurtasun eremua gainditu eta gune arriskutsuetan sartzeagatik isunak jartzeari ekin dio Donostiako Udalak. Udaleko iturrien arabera, 10 pertsona zigortu ditu azken orduetan Haizearen Orrazira hurbiltzeagatik.

Gertakari eta kalte larririk egon ez denez, itsaso zakarrak utzitako irudi ederrez gozatzeko aukera izan dute herritarrek:

 

 

7,8 eta 9,8 metroko olatu bi neurtu dituzte

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak emandako datuak esanguratsuak dira oso. Olatuen altuera adierazgarriak (meteorologoek balio horri erreparatzen diote batez ere) atzo arratsaldean harrapatu zuen bere gorena: 15:00etan, sei metro eta erdiko olatuak erregistratu zituzten Pasaiako Portuan; goizaldean txikiagoak izan dira, baina ez nolanahikoak: 01:00-02:00ak artean, 5,3 metroko olatuak izan dira Pasaiako Portua, eta 5,5 metrokoak, Bilbokoan.  

Nolanahi ere, izan ziren olatu handiagoak (banako kasuak, eta beraz, ez adierazgarriak). Pasaiako Portuan dagoen plataformak 9,8 metroko olatu bat neurtu zuen atzo arratsaldean. Goizaldean neurtutako handiena 7,8 metro izan ditu. 

Abisu horia indarrean larunbatera arte

Zertxobait apaldu bada ere, itsaso zakarra izango da gaur. Hala, abisu horia dago ezarrita egun osoan nabigaziorako, 3,5 eta 5 metro arteko olatuak iragarri dituztelako. 17:00etatik 19:00etara, beste abisu hori bat izango da indarrean, kostaldean kalteak izateko arriskuagatik.

Ostiralean ere abisu hori bana izango da: bata nabigaziorako (00:00etatik 12:00etara) eta bestea kostaldeko kalteengatik (05:00etatik 07:00etara). 3,5-4 metro arteko olatuak espero dira.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak larunbatera arte luzatu du abisu horia. Izan ere, olatuaren altuera adierazgarria 3-3.5 metro ingurukoa izango da, eta egunaren bigarren partean, 3.5-4 metro ingurukoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Zer gertatu da Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Alerta meteorologikoak EAE albisteak Eguraldia Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Kantauri itsasoa albisteak