Gizartea -
indarkeria matxista
Aske utzi dute Donostian sexu-erasoa egiteagatik atxilotutako gizona
Eneko Goia Donostiako alkateak Bozeramaileen Batzordea deitu du biharko, eraso honen inguruko neurriak hartzeko.
agentziak | erredakzioa
Emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita, atzo, Donostian atxilotutako gizona aske geratu da, epailearen aurretik igaro ondoren.
40 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak, sexu askatasunaren kontrako delitua leporatuta.
Larunbat goizaldean izan zen erasoa. Biktima Donostiako Alde Zaharreko taberna batean zegoen, ustezko erasotzailea hurbildu zitzaionean. Gizona emakumearekin hitz egiten ahalegindu zen, baina harek ezezkoa eman zionean, ukituak egin zizkion.
Ondoren, biktima eta haren lagun bat tabernatik kanpora atera ziren, eta inguruan zebiltzan udaltzain batzuei jakinarazi zieten gertatutakoa.
Udaltzaingoak Ertzaintza jakinaren gainean jarri ondoren, ustezko erasotzailea Boulevardean aurkitu zuten, eta polizia-etxera eraman zuten deklarazioa hartzera. Han igaro du gaua, eta goizean eraman dute epailearengana.
Alkatearen gaitzespena
Eneko Goia Donostiako alkateak "irmoki" gaitzetsi zuen sexu-erasoa. "Mota honetako erasoak gure hirian tokiz kanpo daude", adierazi zuen Goiak.
Bozeramaileen Batzordea deitu du astelehenerako alkateak, azken sexu- eraso honen aurreko neurriak hartu ditzan.