Gizartea -

Indarkeria matxista

Urtebeteko zigorra ezarri diote San Sebastian egunean sexu-erasoa egiteagatik

Sexu abusuen delitua egotzita, urtebeteko zigorra eta 600 euroko isuna onartu ditu 40 urteko gizonak.

Agentziak | Errekdazioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

San Sebastian egunean emakume bati sexu-erasoa egiteagatik larunbat goizaldean Donostian atxilotutako 40 urteko gizonari urtebeteko kartzela-zigorra eta 600 euroko isuna ezarri dizkiote, sexu-abusuen delitua egotzita.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, erasoa larunbatean jazo zen, 03:00ak aldera. Emakumea Alde Zaharreko taberna batean zegoen, gizona hurbildu zitzaionean. Harekin hitz egiten saiatu zen, eta, emakumearen ezezkoa jasotzean, ukituak egin zizkion.

Biktima tabernatik atera zen, Udaltzaingoari eman zion gertatutakoaren berri, eta, ondoren, salaketa jarri zuen Ertzaintzaren aurrean.

Erasotzailea 05:00etan atxilotu zuten, Boulevard zumardian, sexu-abusuen delitua egotzita. Gaua ertzain-etxean eman ondoren, Donostiako Guardiako Epaitegira eraman zuten larunbatean, eta auzi-saio azkar bat egin zuten haren kontra.

Aske, karguekin

Gizonak erasoa aitortu zuen, eta urtebeteko kartzela-zigorra eta 600 euroko isuna onartu zituen. Karguekin baina aske, Kanadara, bere bizitokira, joateko hegazkin bat hartu zuen.

Eneko Goia Donostiako alkateak eta Udaleko Bozeramaileen Batzordeak "irmo gaitzetsi" dute indarkeria matxistako kasu hori. Horrez gain, osteguneko osoko bilkuran minutu bateko isilunea egitea eta antola daitezkeen gaitzespen ekitaldietara joatea adostu zuten.

___________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala albisteak Danborrada 2024 Donostia argazkiak Indarkeria matxista gaur Delituak azken ordukoa Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa Donostiako Alde Zaharra