Gizartea -

Idiazabal-Elgoibar

Gipuzkoako Aldundia: 'Arbitro batek euskaraz hitz egitea debekatzea oso larria da'

Euskara "edozein erasoren aurrean irmo" defendatuko duela ohartarazi du Aldundiak.

Manuel Sarrion futbol-epailea. Artxiboko irudia: EiTB
Manuel Sarrion futbol-epailea. Artxiboko irudia: EiTB
Manuel Sarrion futbol-epailea. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idiazabal eta Elgoibarren arteko partidan zehar arbitroak jokalariei euskaraz hitz egitea debekatu izana “oso larria” dela uste du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Preferenteko norgehiagoka iragan asteburuan jokatu zen Idiazabalen.

Imanol Lasa Aldundiko bozeramaileak prentsaurrekoa eman du gaur, Foru Gobernuak hartutako azken neurrien berri emateko. Gertakariak gaitzetsi ditu Lasak. Euskara “ez da Gipuzkoako eta Euskadiko hizkuntza ofizial bat bakarrik, euskal herritar guztien hizkuntza baizik”, gogorarazi du bozeramaileak.

Zentzu horretan, Aldundiak euskara “edozein erasoren aurrean irmo” defendatuko duela ohartarazi du Lasak. “Euskararen erabilera euskal herritarren eta gipuzkoarren artean gero eta handiagoa izateko lurraldeko gizarte eragile guztiekin elkarlanean ari da Aldundia”, erantsi du.

Lasaren hitzetan, “gertakaria une kritiko batean jazo da”; izan ere, “alderdi politiko eta erakundeetako ordezkari batzuek Espainiako bandera behin eta berriro astintzen ari dira; euskara hezkuntza sistemako komunikazio-hizkuntza ezin daitekeela izan esaten hasi dira”. “EAEko Administrazioan lan egiteko euskara beharrezkoa ez izatea eskatu dute beste batzuek, guztia testuinguru honetan”, gaineratu du bozeramaileak.

Testuinguru horretan, “ez da halabeharrezko gertakaria”; horregatik, “euskararenganako errespetua ez ezik, erabiltzen duenarenganako errespetua ere” eskatu du Lasak. “Ez gara hizkuntza eskubideaz soilik ari, herri honetako nortasun ikur bat errespetatzeaz baizik”, azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola albisteak Euskaraz Gipuzkoa Elgoibar bideoak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Gipuzkoako Foru Aldundia Goierri azken ordukoa