Gizartea -
DROGAK
658 kilo haxix atzeman dituzte Laudion, kamioi baten atoian ezkutatuta
Kamioiko gidari eta bidaiari bakarra zena, izatez bermeotarra, atxilotu eta epailearen aurrera eraman dute osasun publikoaren kontrako delitua leporatuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guardia Zibilak 658 kilogramo haxix atzeman zituen pasa den astean AP-68 autobideko Aretako ordainlekuan, Laudion, kamioi baten atoian ezkutatuta, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak gaur jakinarazi duenez. Gidaria atxilotu zuten, osasun publikoaren kontrako delitua leporatuta.
AP-68 autobideko ordainlekuan kamioi bat geldiarazi zuten barruan zeraman zama egiaztatzeko.
Atoiaren ikuskaritza egin zuen txakurrak droga antzeman zuen atoian zegoen egurrezko kutxa handi batean eta, ondorioz, guardia zibilek karga sakonki aztertzeari ekin zioten.
Egurrezko bi kutxa handi horietan 20 fardel topatu zituzten eta kiroletako poltsa batean, ostera, 150 tableta haxix.
Argazkia: Espainiako Barne Ministerioa.
Kamioiko gidari eta bidaiari bakarra zena, izatez bermeotarra, momentuan atxilotu zuen Guardia Zibilak eta epailearen esku utzi zuen, osasun publikoaren kontrako delitua leporatuta.
Laudion atzemandako drogak milioi bat euro baino gehiagoko balioa izango luke legez kanpoko merkatuan.