Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Leyre Rodriguezen senar ohiari 25 urteko kartzela zigorra jarri diote, hilketagatik
Bizkaiko Auzitegiak azpikeriaz egindako hilketagatik zigortu du. Gainera, ezingo du 30 urtez bere bi semeekin komunikatu eta ezta haiengana gerturatu ere.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko Auzitegiak 25 urteko kartzela zigorra jarri dio Leyre Rodriguezen senar ohiari, hura maltzurkeriaz hiltzea egotzita. Halaber, genero indarkeria eta ahaidetasuna larritasun gisa kontuan hartu ditu epaimahaiak. Emakume gaztea 2015eko abuztuan hilik topatu zuten, Bilboko errepide batean.
Espetxe zigorra bete ostean, hamar urtez zaintzapeko askatasunean egon beharko du. Horrez gain, guraso agintea kendu diote eta ezingo du 30 urtez bere bi semeekin komunikatu, ezta haiengana gerturatu ere. Epaiketan herri akusazio gisa aurkeztu zen Clara Campoamor Elkarteko abokatuak eman du epaiaren berri.
Gainera, kondenatuak 200.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio semeetako bakoitzari eta 30.000 euroko kalte-ordaina, ostera, Leyre Rodriguezen nebari.
Clara Campoamor Elkarteak begi onez hartu du epaia, izan ere, Estatuko abokatuak eta elkarteak berak egindako kartzela eskaria onartu du epaimahaiak.
Aldeek 10 eguneko epea dute orain Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian helegitea aurkezteko.
_________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.