Gizartea -
San Prudentzio 2018
Gasteiztarrak eta arabarrak festara deituko ditu San Prudentzioren Erretretak
Erretretak hasiera emango die jaiei, eta danborrada etorriko da gero. Egun handian, larunbatean, Armentiako zelaietara helduko da festa.
eitb.eus
San Prudentzioko jaiak arratsaldean hasiko dira Gasteizen eta Araba osoan, ohiko erretretarekin.
20:00etan, San Prudentzioren Erretreta izango da hasiera, Gasteizko Udaletxearen balkoitik, Udalaren Folklore Akademiaren parte hartzearekin. Ordubete beranduago, Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko tronpetariek eta atabalariek Erretreta joko dute Aldundiaren jauregiko balkoitik. Koreografiak izango dira Mulixka taldearen eskutik, eta Gaiteros de Elciego & friends taldeak ere parte hartuko du.
Historialarien arabera, San Prudentzioen erretreta aintzineko dei militar baten kopia bat da. Iraganeko doinu hori harresiko ateak itxi behar zituztela abisatzeko jotzen zuten.
Gaueko danborrada 23:30etan hasiko da. Gastronomia elkarteak Probintzia plazan bilduko dira, eta gero, desfilea egingo dute Erdi Aroko hirigunean eta erdialdeko kaleetan zehar.
San Prudentzioko ekitaldiak zuzenean emango ditu EITBk. Erretreta 21:00etatik aurrera ikusi ahal izango da ETB eta eitb.eus-en, eta danborrada gauerditik aurrera izango da ikusgai. Biak Imanol Artolak zuzenduko ditu.
Herri dantzaldia antolatu dute gauerdirako Joselu Anaiek. Jaietako pregoliariak izan ziren, eta dantzan jarri zuten Principal Antzokia. 00:30etan, gauza bera egingo dute Arka plazako publikoarekin.
Larunbatean, 9:00etan, Foru Aldundiko Txistularien eta Tronpetarien bandak "Araba" zortzikoa joko du Probintzia plazan. Eguerdian XXXIX. danborrada izango da "Biznietos de Celedon" kuadrillaren eskutik, eta 18:00etan, txikien txanda haurren danborradan.
Jaia, Armentian
San Prudentzioko egun handian Armentiako zelaietara iritsiko da festa. 11:00etan prozesioa egingo dute basilikaren kanpoko aldean eta, ondoren, meza. Eguerdian, elizkizunak amaitutakoan, ohorezko aurreskua egingo dute, eta dantzarien emanaldia izango da Arabako Dantzarien Biltzarraren eskutik. Oketa Alai dantza taldeak ere parte hartuko du.
12:30etan Herri kirolen erakustaldia izango da, jaigiroan, eta 18:00etan, Lehian musika taldeak emanaldia eskainiko du Armentiako zelaietan.
Barraskilo eta perretxikoen zaportea nagusi izango da.
Euria eta tenperatura freskoagoak
Eguraldia ez dute erabat lagun izango, baina argi dago hori ez dela oztopo izango jaiaz gozatzeko.
Larunbatean, zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki eta ertainak botako ditu eta trumoitsuak izango dira noizbehinka.