Gizartea -
Hezkuntza Publikoa
40.000 pertsona inguru bildu dira Lekeition Euskal Eskola Publikoaren Jaian
Lekeitiok Errenteriari pasa dio lekukoa, eta ondorioz, hurrengo urteko festa 2019ko ekainaren 2an ospatuko da "Makina bat taupada" lelopean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
40.000 lagun baino gehiago gerturatu dira igande honetan Lekeitiora Eskola Publikoaren 27. Jaia ospatzeko asmoz. "Zapran Gagoz" lelopean ospatu da aurtengo festa. Esamolde hau arrantzaleek harrapaketan zorte ona dutenean erabiltzen dute.
Eskolan ospatu den ekitaldi ofizialak eman dio hasiera egun honi. Ana Puente EHIGEko presidenteak, Ianira Santana Lekeitioko eskolako guraso elkarteko presidenteak, Koldo Goitia Lekeitioko alkateak eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak hartu dute hitza hasiera ekitaldian.
Hezkuntza saileko eta Hizkuntza Politika saileko ordezkariek, Bizkaiko Foru Aldundiak, Neli Zutegi Euskadiko Eskola Kontseiluko presidenteak, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek eta STEILAS, CCOO, LAB eta ELA sindikatuek, besteak beste, ez dute galdu nahi izan egun hau.
Eskola Publikoaren Jaiaren egitaraua aurkezteko agerraldia egin zuten asteazkenean Bilbon, eta bertan nabarmendu zutenez, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea eta hezkuntza komunitatea 1994an hasi ziren festa hau antolatzen, hezkuntza sistemaren "ardatza" eskola publikoa izan behar dela aldarrikatzeko.
Balorazioa
Egun gogor baten ostean, antolatzaileak oso pozik agertu dira, eta edizio honek "proba soberan gainditu" duela gaineratu dute.
Balorazioa oso positiboa izan da. Uste zutena baino jende gehiago bertaratu da. Goizeko 10:00etarako aparkaleku nagusia beteta zegoen eta bigarren eta hirugarren "parking plana" martxan jarri dutela adierazi dute.
Goizeko eguraldi eguzkitsuak familak, irakasleak eta ikasleak... elkartu ditu Lekeition Euskal Eskola Publikoaren alde. Arratsaldean giroak okerrera egin du, eta 17:00etan euria hasi da. Hala ere, eguraldi txarrak ez du eragotzi programazioa betetzeko eta karpa baten barruan amaitu dute festa.
Partehartzaileek ere hitz egin dute egunaz eta antolakuntza "ezin hobea" izan dela eta "Euskal Eskola Publikoa bizirik" dagoela esan dute.
Txapelpunken kontzertua. Argazkia: EiTB
Lekukoa pasa dute
Ekitaldi ofizialean Lekeitiok lekukoa pasa dio Errenteriari. Ondorioz, hurrengo urteko festa Errenterian ospatuko da 2019ko ekainaren 2an "Makina bat taupada" lelopean.