Gizartea -

Indarkeria matxista

Emakume bat bi hilabetez etxean atxiki du gizon batek Irunen

Tarte horretan, etengabeko eraso eta irainak jasan ditu emakumeak. Epaileak aske utzi du 41 urteko ustezko erasotzailea, baina kautelazko neurriak ezarrita.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume bat bi hilabetez etxean atxikita eduki du gizon batek Irunen (Gipuzkoa). Tarte horretan etengabeko eraso eta irainak jasan ditu biktimak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez. Gizona astelehen gauean atxilotu zuten, genero indarkeria delitua egotzita.

Asteleheneko 01:00ak aldera, herritar batek Ertzaintzari deitu zion kalean, negarrez, emakume bat topatu zuela eta.

Biktimak agenteei azaldu zienez, bikotekideak tratu txarrak ematen zizkion, eta azken hilabeteetan etxean atxikita izan zuen.

Emakumearen kontakizunaren arabera, azken jipoia gau hartan bertan eman zion gizonak, baina etxetik ihes egitea lortu zuen. Ustezko erasotzailea berehala atxilotu zuen Ertzaintzak.

Emakumea Irungo osasun-etxean artatu behar izan zuten, gorputzeko hainbat zatitan ubeldurak zituen eta.

Aurkeztutako salaketan jasotzen denez, irain eta eraso ugari jasan zituen etxean atxikita egon zen tartean, eta gizonarekin bakarrik atera ahal zen kalera.

41 urteko gizona epailearen esku geratu zen, eta azken horrek aske utzi zuen. Dena dela, hainbat kautelazko neurri ezarri dizkio: biktimarengana, horren etxebizitzara edota lantokira hurbiltzeko eta berarekin harremanetan jartzeko debekua.

___________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa