Gizartea -

Indarkeria matxista

Bost urteko zigorra Gasteizko irakasle bati, bi ikasleri sexu-abusuak egitegatik

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak 18 urte eta erdiko espetxealdia eskatu zuten, baina epai-mahaiak ebatzi du ez zela sexu-erasorik izan eta, ondorioz, zigor txikiagoa ezarri dio.

Irakaslea epaiketan. Artxiboko argazkia: EiTB
Irakaslea epaiketan. Artxiboko argazkia: EiTB
Irakaslea epaiketan. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Lurralde Auzitegia bost urte eta bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio Gasteizko nekazaritza institutu bateko irakasle bati, bi ikasleri sexu-gehiegikeriak egiteagatik eta lankide bat jazartzeagatik.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak 18 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra eskatu zuten; Eusko Jaurlaritza ere epaiketan parte izan zen eta 17 urte eta bederatzi hilabeteko espetxealdia galdegin zuen. Defentsak, ostera, akusatuaren absoluzioa eskatu zuen.

Alabaina, epai-mahaiak ebatzi du hasieran batean leporatu zizkioten hainbat delitu frogatu gabe geratu direla, tartean sexu-erasoarena, eta, ondorioz, eskatutakoa baino zigor txikiagoa ezarri dio azkenean.

Gertakariak 2015-2016 ikasturtean jazo ziren eta egun akusatua irakasle lanetan aritzeko gaitasunik gabe dago.

Epaiaren arabera, gizonezkoak bi ikasleengandik hurbil egotea bilatzen zuen, komentario deserosoak egiten zizkien eta besoak, izterrak eta gerrialdea ukitzen zizkien. Neska horietako bat adingabea zen irakaslearen gehiegikeriak pairatu zituenean. Bularra eta ipurdia ukitu zizkion.

Ebazpenak dio ikasle horietako hormaren kontra jarri zuela, lizunkeriaz, eta kili-kiliak egiteko aitzakiarekin arroparekin ukituak egin zizkiola. Akusazioek sexu-erasoa izan zela salatu zuten; epai-mahaiak, baina, biktimen kontra indarkeria erabili zuela esateko froga nahikorik ez dagoela ondorioztatu du.

Akusatuaren lankideari dagokionez, epaiak dio zortzi urtez jarraian (2007tik 2015era) bere itxura fisikoari buruzko mezu deserosoak bidaliz jazarri egin zuela. Gainerako lankideak aurrean ez zeudenean, hots, biak bakarrik geratzen ziren uneak baliatzen zituen biktimarengana hurbildu eta ukituak egiteko.

Gauzak horrela, epai-mahaiak sexu-abusu eta jazarpen delituak egotzita zigortu egin du Gasteizko irakaslea. Sexu-eraso delituaren kasua, berriz, absolbitu egin du.

Horrez gain, 7.000 euroko kalte-ordaina eman beharko die biktimei. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren ardura izango da zenbateko hori ordaintzea.

Epaia ez da irmoa eta, beraz, akusatuak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian helegitea aurkezteko aukera izango du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Araba Epaiketak Gizartea Gaurko titularrak Gasteiz Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Irakasleak azken ordukoa