Gizartea -
LAUGARREN FAMILIA PLANA
460 milioiko aurrekontua izango duen laugarren Familia Plana onartu du Jaurlaritzak
Planak 18 helburu eta 116 neurri aurreikusten ditu, tartean, 16 asteko aitatasun baimena.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak 2018-2022rako Familia Plana onartu du, familiei laguntza emateko eta lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko kontziliazioa bultzatzeko. Urkulluren Gobernuak ia 460 milioiko gastua aurreikusten du datozen lau urteetan plana garatzeko.
Plan horren baitan, seme-alabaren bat duten kideek umeak zaintzeko lau hileko baimena izango dute 2019tik aurrera. Zehazki, dagoeneko guraso diren kideek haurrak zaintzeko 12 asteko (lau hilabeteko) ordaindutako eszedentzia eskatzeko aukera izango dute datorren urtetik aurrera. Guraso berriek, ostera, 2022ra arte itxaron beharko dute baimen hori izateko.
IV. Plana bost ardatz nagusitan banatzen da. Lehenengoa gazteen emantzipazioa eta familia berrien eraketari buruzkoa da eta helburu nagusiak jaiotze tasa handitzea, kontziliazio erantzukidea areagotzea eta egun lan-eszedentziara bideratutako diru-laguntzak aitatasun baimenetara berbideratzea dira.
Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuaren esanetan, plan honen bitartez % 20 murriztuko da haurren pobrezia tasa, 25 eta 44 urte bitarteko biztanleen okupazio tasa % 80ra arte areagotuko da, emakumeen ugalkortasunaren egoeraren adierazlea 1,50era igoko da, % 25 haziko da 1 urteko umeen arteko eskolatze tasa garbia, etxeko zaintzaren inguruko arrakala % 50 murriztuko da eta gazteen batez besteko emantzipazio tasa igoko da.
Planaren garapenak ia 460 milioiko gastua aurreikusten du 2018aren eta 2022aren artean. 460 milioi horietatik 286 Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren neurrietarako erabiliko dira, bereziki, kontziliazioaren eremuan (286 milioi).
Halaber, 785 milioi euro seme-alabak dituzten familientzako errentak bermatzeko politiketara eta gazteen enplegurako programetara bideratuko dira, 220 milioi Haurreskolak Partzuergora, 250 milioi beketara, 50 milioi gazteentzako etxebizitza politiketara, 1.575 seme-alabengatik ematen dien kenkarietara eta 415 milioi gizarte-zerbitzuetara.
Artolazabal sailburuak zehaztu duenez, Familia Plan berriak "gutxieneko baliabide ekonomikoak bermatuko dizkie seme-alabak dituzten familia guztiei eta haur pobrezia prebenituko du". Gaineratu duenez, denboraren antolaketa egokiagoa sustatuko du gurasoek beren seme-alabei beharrezko denbora eskaini diezaieten.