Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gizon batek bikotekide ohia jo du Bilbon, eta heriotza-mehatxua egin dio
Ertzaintzak 42 urteko gizonezko bat atxilotu du, genero-indarkeriaren delitua leporatuta.
EITB.EUS
Ertzaintzak 42 urteko gizonezko bat atxilotu du goizaldean Bilbon, bikotekide ohiari erasotzea eta heriotza-mehatxua egitea egotzita.
Emakumeak jarritako salaketaren arabera, goizaldeko laurak aldera gertatu da erasoa biktimak Bizkaiko hiriburuan duen etxebizitzan. Horren esanetan, bere bikotekide ohia etxean azaldu da, eztabaidan hasi dira eta hainbat ukabilkada eta ostikada eman dizkio.
Gainera, emakumearen esanetan, labana batekin heriotza-mehatxua egin dio eta eskuko telefonoa kendu dio.
Ertzainak emakumearen etxebizitzara joan dira eta belaunean zauriak zituela egiaztatu dute. Horrez gain, buruan eta gorputzeko beste hainbat tokitan kolpeak zituela kontatu die emakumeak agenteei. Halaber, lepoaren inguruan gorriune bat ere bazuen, ustez labanarekin egindakoak.
Emakumea osasun zentro batera eraman dute, zauriak artatu eta lesioak sendatzera.
Ertzaintzak ustezko erasotzailearen dokumentazioa aurkitu du emakumearen etxean, eta goizeko seiak aldera Bilboko metroaren geltoki baten sarreran identifikatu du. Agenteek emakumearen sakelakoa atzeman diote, eta atxilotu egin dute, genero-indarkeria, lesioak eta lapurreta leporatuta.
_______________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.