Gizartea -
UZTAILAREN 7AN ETA 8AN
Marea Urdina zeharkaldia egingo dute asteburuan, autismoa dutenekiko elkartasunez
Marea Urdina taldea lau igerilarik osatzen dute eta Gipuzkoako kostaldea igerian zeharkatuko dute, autismoa ikusgarri egiteko, kontzientziazio lana egiteko eta sozializazioa sustatzeko.
EITB.EUS
Lau igerilarik Gipuzkoako kostaldea zeharkatuko dute uztailaren 7an eta 8an, erreleboka, autismoa ikusgarri egiteko, kontzientziazio lana egiteko eta sozializazioa sustatzeko helburuarekin.
Marea Urdina izena jarri diote proiektuari. Zergatik? Zeharkaldia igerian egingo dutelako eta urdina autismoaren kolorea delako. Marea Urdina taldea Pablok, Julenek, Leirek eta Aritzek osatzen dute, hain zuzen ere, autismoaren mundua nolabait gertutik bizi duten lau pertsonak.
Ehunetik bostek ezgaitasunen bat dute eta horietatik batek autismoa du. "Gipuzkoan 1.500 pertsona baino gehiago daude egoera horretan, horietako bat gure semea, alaba, arreba, anaia, laguna edo ezaguna izan daiteke", ekimenaren webgunean azaldu dutenez.
Larunbatean Saturraran (Mutriku) eta Orio arteko bidea egingo dute, 27 kilometro guztira. Igandean Orion irten eta Hondarribira helduko dira, 36 kilometroko bidea eginez.
Egitasmoaren helburua autismoa duten pertsonen inguruan gizartea sentsibilizatzea da. Ez dute diru bilketarik egiteko asmorik, baina jasotako euro bakoitza proiektuaren gastuei aurre egiteko baliatuko dute.