Gizartea -

Aurkikuntza

Euskal ikerlari batek gizateriaren lehen ogi hondarrak topatu ditu

Amaia Arranz buru, ikertzaile talde batek ehiztari-biltzaileek duela 14.400 urte egindako ikaztutako ogi baten hondarrak aurkitu dituzte Jordaniako aztarnategi batean.

Jordaniako "Shubayqa 1" aztarnategian topatu zituzten ogi arrastoak. Argazkia: EFE
Jordaniako "Shubayqa 1" aztarnategia. EFE
Jordaniako "Shubayqa 1" aztarnategian topatu zituzten ogi arrastoak. Argazkia: EFE

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela 14.400 urte, Jordania ipar-ekialdean bizi ziren ehiztari-biltzaile taldeek gizateriaren lehen ogiak egin zituzten, nekazaritza bera asmatu baino 4.000 urte lehenago. Hala frogatu berri du Amaia Arranz Otaegui euskal ikerlariak egindako aurkikuntzak.

Ikerketa lana AEBko Proceedings of the National Academic Science (PNAS) aldizkari zientifiko ezagunak kaleratu du. Arranzek Kopenhageko Unibertsitatean egiten du lan, eta aurkikuntza Londreseko Unibertsitateko (UCL) eta Cambridge Unibertsitateko beste ikerlari batzuekin burutu du.

Jordaniako "Shubayqa 1" aztarnategian ikaztutako 24 janari-hondar topatu eta aztertu ditu Arranzek.

Ikerlanaren ostean ondorioztatu ahal izan dutenez, gure arbasoek garagarra, oloa eta espeltaren tankerakoak ehotu, bahetu eta oratu zituzten, gero ogia egin ahal izateko. Topatutako hondarrak Europan edota Turkian Neolito garaian atzemandako ogien oso antzekoak dira.

"Ziplo jausi ginen ia"

"Duela gutxira arte, arkeobotanikak haziak eta ikatzak ikertzen zituen, aztarnategietan zeuden janari-hondarrak kontuan hartu barik. Gure arbasoek zuten dietaren informazio zuzenagoa eman dezakete hondarrok", azaldu du Arranzek EFEri eskaini dion elkarrizketa batean.

Arranzen hitzetan, tankerako hondarrak "atzematea ez da erraza, forma bakoak eta itsusiak direlako. Aditu ez den norbaitek simaurrarekin, tuberkuluekin edo egoera txarrean dagoen ikatzarekin nahas ditzake".

Euskal ikerlariak aitortu du hasieran ez zela aurkikuntzaz jabetu. Atzemandakoa Lara Gonzalez Carretero lankide eta ikerketaren egilekidearekin partekatzean konturatu omen zen: "Hondarrak mahai gainean ikustean, Turkiako Catalhuyuk Neolitoko aztarnategian topatutako ogi hondarren antz handia zutela esan zidan Larak. Ziplo jausi ginen ia".

IMAGEN ESCANEADA PAN OGIA JORDANIA IKERKETA EFE

IMAGEN ESCANEADA PAN OGIA JORDANIA IKERKETA EFE

Arranzek topatutako ogi hondarrak eskaneatuta. Argazkia: EFE (Kopenhageko Unibertsitateak emana)

"Pentsa liteke pita motako ogia egin zutela", argitu du ikerlariak. Horren hitzetan, gaur egun "oinarrizko elikagaia" bada ere, garai hartan ogia ez zen "eguneroko jaki". Nabarmendu duenez, nekazaritzaren asmakizunarekin eta zerealen etxekotzearekin egin zen "ohiko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bitxikeriak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Zientziaren hedapena Ekialde Hurbila gaur Jordania