Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakumeak etxean sartu arte itxarongo dute Gasteizko taxilariek
Emakumeek, adingabeek eta gizatalde ahuletako pertsonek taxia haiek etxean sartu arte ez joatea eskatu ahal izango dute.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko taxilarien bi elkarteek emakumeak, adingabeak eta gizatalde ahuletako pertsonak etxean sartzeko zain geratuko dira, haiek hala eskatzen badute gauez egindako ibilbideetan.
Bilboko Udalak ere iazko ekainean adostu zuen taxilariak erabiltzaileak etxean sartzeko zain geratzea, sexu erasoak edo lapurretak saihesteko.
"Segurtasuna bermatuko da eta eraso bat geratzen arriskua gutxituko da", esan du Arabako hiriburuko Berdintasun zinegotzi Jaione Agirrek. Taxi-gidariei eskerrak eman die, indarkeria matxistaren aurkako borrokan laguntzeko prest agertu direlako.
Gasteizko jaietan hasiko da neurria, eta urte osora zabalduko da. Gidari batzuek aukera hori eskaintzen dute dagoeneko.
Taxilarien bi elkarteetako arduradunak, gainera, Udalarekin batera beste ekintzetan lan egiteko prest agertu dira.
Tuvisa udal garraio enpresak, abuztuaren 4tik aurrera, tarteko helmugak jarriko ditu martxan, emakumeek eta adingabeek eskatuta.