Gizartea -

BIZKAIA

Espetxera, Barrikan ertzain bat zauritzea egotzita atxilotutako bi gizonak

Bi atxilotuak, 22 eta 24 urtekoak, arratsaldean sartu dira Basauriko kartzelan, epailearen aurretik igaro ostean.

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barrikan zerbitzuz kanpo zegoen ertzain bat zauritzea leporatuta asteartean atxilotutako bi gizonak Basauriko espetxean sartu dituzte gaur arratsaldean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, atxilotuak goizean eraman dituzte guardiako epailearen aurrera, eta bi gizonak kartzelatzea agindu du.

Erasoa asteartean 16:00ak aldera gertatu zen, Barrikako Mendieta auzoan. Ertzainak bi pertsona arrotz harrapatu zituen bere etxeko garajean, lapurreta egiteko asmotan, itxuraz. Bi gizonek aurre egin zioten, eta bederatzi aldiz sastatu zuten. Hasiera batean erasotzaileek ihes egitea lortu bazuten ere, ordu batzuk geroago Berangoko merkatalgune bateko parkingean aurkitu eta atxilotu zituzten 22 eta 24 urteko bi gizasemeak, homizidio saiakera eta lapurreta delituak leporatuta.

Egin beharreko izapideak amaitutakoan, bi atxilotuak gaur goizean igaro dira epailearen aurretik eta azken honek Basauriko kartzelara bidaltzea erabaki du.

Zauritutako ertzaina, ostera, Gurutzetako ospitalean errekuperatzen ari da eta, gaur Segurtasun Saileko iturriek azaldu dutenez, "onera" egiten ari da. Erasotzaileek bederatzi aldiz sastatu zuten "tamaina txikiko objektu fin batekin", tartean, biriketan eta saihets aldean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gaurko albisteak Bizkaia Delituak albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Espetxeen azken ordukoa Lapurretak albisteak