Gizartea -
Sexu askatasunaren aurka
Lehen seihilekoan % 22 bortxaketa gehiago salatu dituzte Euskadin
Orokorrean, sexu askatasunaren aurkako delituak (319) % 29 igo dira, iazko epe berarekin alderatuta. Urtarriletik ekainera bitartean guztira 42.815 arau-hauste penal erregistratu dira Euskadin.
Agentziak | Erredakzioa
2018ko lehen seihilekoan 39 bortxaketa salatu zituzten Euskadin, hau da, iazko epe berean baino % 22 gehiago, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak kriminalitateari buruz egindako txosten baten arabera. Orokorrean, sexu askatasunaren aurkako delituak (319) % 29 igo dira, iazko epe berarekin alderatuta.
Gauzak horrela, urtarriletik ekainera bitartean guztira 42.815 arau-hauste penal erregistratu dira Euskadin, hain zuzen ere, 2017ko aldi berean baino % 5,9 gehiago. Homizidio eta hilketa kopurua nabarmen igo da, epe horretan bost erregistratu baitira. Halaber, indarra erabiliz etxebizitzetan egindako lapurretek % 30,9ko igoera nabarmena izan dute, 2.271 erregistratu baitira.
Arabari dagokionez, sexu askatasunaren aurkako delituak nabarmen igo dira urteko lehen seihilekoan (% 62 gehiago). Izan ere, urtarriletik ekainera bitartean bi salaketa jarri ziren, iazko epe berean salaketarik jarri ez zen bitartean. Gasteizen, sexu askatasunaren aurkako delituak behera egin dute (% 25 gutxiago) baina herritarrek bi bortxaketa salatu dituzte aurten.
Bizkaian, hiru hilketa izan ziren. Bizkaiko hiriburuari dagokionez, 64 delitu sexu askatasunaren aurkakoak izan dira (% 23,1 gehiago), eta 11 bortxaketa daude horien artean (% +57,1).
Gipuzkoan, 11.288 arau-hausteren berri izan dute segurtasun indarrek, hau da, iazko epe berean baino % 3,7 gehiago. Sexu askatasunaren aurkako delituak (92) % 26 ugaritu dira eta bortxaketak (13) % 8. Donostian, berriz, sexu askatasunaren aurkako delituak 30 izan dira (% +43).
Azkenik, Nafarroari dagokionez, sexu askatasunaren aurkako delituak % 4 igo dira; 126 kasutatik 131ra. Bortxaketen kasuan ere, igoera nabarmena izan da, urtarriletik ekainera bitartean bi bortxaketa gehiago salatu baitituzte. Gainerako arau-hausteek behera egin dute, bereziki indarra erabiliz egindako lapurretak.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.