Gizartea -

Donostia

'BAIetzik gabe, EZETZA da!', eraso matxisten kontrako kanpainaren leloa Aste Nagusian

15.000 zapi eta milaka liburuxka informatibo banatzeaz gain, Bretxa azokaren inguruan informazio gune finko bat paratuko dute.

Minutu bateko isilunea egin dute ordezkari politikoek atzo erasoa gaitzesteko. ETB
Eraso matxisten kontrako kanpainaren aurkezpena. ETB
Minutu bateko isilunea egin dute ordezkari politikoek atzo erasoa gaitzesteko. ETB

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak areagotu egingo du Aste Nagusian zehar eraso matxistak saihesteko prestatutako kanpaina. "BAIetzik gabe, EZETZA da' lelopean, 15.000 zapi eta 100.000 liburuxka informatibo banatzeaz gain, Bretxa azokatik gertu informazio gune finko bat paratuko dute.

Kanpaina prentsaurrekoan aurkeztu dute Eneko Goia alkateak eta Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotziak, Udalean ordezkaritza duten alderdi guztien ordezkariak (EAJ, PSE-EE, EH Bildu, PP eta Irabazi) lagun zituztela. Aurkezpena egiteaz gain, minutu bateko isilunea egin dute atzo gertatutako eraso sexista salatzeko. Aurrez, gaitzespen agiri bat onartu du Udalbatzak.

Kanpainaren leloa hizpide, Goiak azaldu du aurten baiezko esplizituaren auziaren harira egin nahi izan dutela. "Auzi hori pil-pilean dago 'La Manada'ko kideek egindako talde bortxaketaren epaiaren ondotik", erantsi du.

Alkateak gogorarazi duenez, "denon esku dago eraso matxistak behin betiko amaitzea". Hala, argi esan du: "Baietzik gabe, ezetza da erantzuna".

15.000 zapi

Bestalde, Agirrezabalagak Aste Nagusian zehar banatuko duten materiala xehatu du. Zinegotziaren esanetan, kanpainaren leloa duten 15.000 zapi banatuko dituzte. Abuztuaren 11n eta 12an Lurraldebusen Donostiako autobus geltokira iristen direnek zapia hartu ahal izango dute 09:00tik 13:00ra, eta 16:00tik 20:00ra.

Horrez gain, eraso sexisten aurkako mezua indartzeko, sei zapi handi jarriko dituzte Zurriolako zubiaren faroletan. Udaletxean sei metroko pankarta paratuko dute, Aste Nagusi guztian ikusgai izango dena. Halaber, postontzietan 100.000 eskuorri sartzen ari dira erasoen aurrean jarduteko protokoloa eta hiri osoko zerbitzu publikoen laburpenarekin.

Bereziki gazteei zuzendutako beste liburuxka batzuk ere banatuko dituzte. Neskei erasoak eta harremanetarako tratu txarrak saihesteko aholkuak emango dizkiete. Mutilei, berriz, eraso matxisten aurkako jarrera aktiboa izateko deia egingo diete. Liburuxka hauek berdintasunean, autodefentsan eta indarkeria sexistaren prebentzioan espezializatutako hezitzaileek banatuko dituzte.

Azkenik, Aste Nagusian informazio gune finko bat jarriko dute Bretxa inguruan. Jaietako egun guztietan egongo da martxan: abuztuaren 11n 18:30etik 04:00etara, eta gainerako egunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 22:30era; 14tik 15erako gauean ordutegia luzatu egingo da, 04:00ak arte.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostiako Aste Nagusia Donostia Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Matxismoa