Gizartea -

OKUPAZIOA

Abuztuaren 25erako manifestazioa deitu dute Maravillas gaztetxeko gazteek

Poliziaren jarduna eta Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu dute gazteek. Inoiz baino indartsuago daudela esan dute eta elkarrizketaren alde egiteko eskatu diote Barkosen Gobernuari.

Hainbat lagun sartu ziren, berriro, gaztetxean. Argazkia: EiTB.
Hainbat lagun sartu ziren, berriro, gaztetxean. Argazkia: EiTB.
Manifestaziorako deialdia egin dute Maravillas gaztetxearen gazteek

1:02

EUSKADI IRRATIA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maravillas gaztetxea birokupatu duten gazteek Nafarroako Gobernuari leporatu diote auziaren korapilatzea eta erantzukizuna, eta atzo Maria Solana Gobernuko bozeramaileak hala esan bazuen ere, arazoa ez dela Iruñeko Udalarena azpimarratu dute komunikabideen aurrean emandako prentsaurrekoan.

Eguerdian egin dute agerraldia Iruñean, Marques de Rozalejo Jauregian. Prentsaurrekoa ematen zuten pertsonen atzean, dozenaka lagun babesa ematen, datorren larunbaterako manifestazio deialdia zeramaten kartelak eskutan.

Atzo goizaldeko kanporatzean izan ziren istiluen arduradun jo dituzte Nafarroako Gobernua eta Geroa Bai alderdia, baina hala ere, elkarrizketarako eta arazoari konponbidea emateko deia egin diote Uxue Barkosen Gobernuari.

"Inoiz baino indartsuago" daudela esan dute gazteek eta proiektua "geldiezina" dela.

Zaintza gauean

Hainbat gazte berriro sartu ziren atzo arratsaldean Iruñeko Rozalejoko Markesaren jauregian, Maravillas gaztetxean, alegia, goizaldean Poliziak hustu eta gero; "Maravillas aurrera" oihukatuz.

Kaleratzearen kontrako kalejira-protestaren ondoren sartu ziren eraikinera eta gaua bertan eman dute hainbat pertsonak. Kalean, berriz, beste hainbat lagun egon dira "zaintza lanetan". Mugimenduko kide batek Euskadi Irratian adierazi duenez, "gaua lasaia izan da. Ez da poliziaren presentziarik izan eta aldiz, jende asko hurbildu da bertara, bai barrura bai kanpora, zaintzera. Tartean, Euskal Herriko beste puntu batzuetatik etorritakoak".

Eraikina berriz ere husteko arriskuaren aurrean, Maravillas Gaztetxearen zaintza eta erresistentzia txandei berrekin diete bertako gazteek, eta gaur ere zaintza lanetan ari dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea azken orduko berriak Gaurko albisteak Nafarroan Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua albisteak Azken ordukoa protestak Iruñeko Udala albisteak Iruñeko Alde Zaharreko azken ordukoa Gazteak gaur