Gizartea -
URTEURRENA
35 urte bete dira Euskal Herriko uholderik larrienak izan zirenetik
1983ko abuztuaren 26an, metro karratuko 600 litro erori ziren toki askotan, eta ez zen denbora asko behar izan ehunka herri urpean geratzeko. 34-43 hildako izan ziren garai hartako prentsaren arabera.
Iker Rincon | EITB.EUS
1983ko abuztuaren 26an Euskal Herriko ehunka herri hondamen-eremutzat jo zituzten, etengabeko euriteek eta horiek eragindako uholdeek dena hondatu ostean.
35 urte igaro dira, eta dozenaka hildako (Eusko Jaurlaritzak ez du hildakoen kopuruaren inguruko datu ofizialik eman, baina, garaiko prentsan agertzen denez, horien kopurua 34 eta 43 artekoa izan zen Euskal Herria osoan), 5 desagertu eta 200.000 milioi pezetako (1.200 milioi euro) kalte materialak utzi zituen ezbeharra gogoan dute oraindik askok.
Etenik gabeko euriteek astebete iraun zuten, eta lehenengo uholdeak Gipuzkoan gertatu baziren ere, urak berehala hartu zituen Araba, Nafarroa eta Bizkaia ere. Azken hori izan zen uholdeek gogorren zigortu zuten lurraldea.
NATURAREN INDARRA
Itsasgora euriteekin batu zenean, Ibaizabalen arroak ez zuen askorik behar izan gainezka egiteko, eta Bizkaiko hainbat puntutan bost metroko altuera hartu zuen.
Bilbo Aste Nagusiko festa-giroan murgilduta zegoen, nahiz eta urte horretan euriak ez zuen etenik izan aste osoan zehar. Hala, Bilbon parrandan zebiltzanek bertatik bertara ikusi zuten ura Zazpikaleetako lehenengo pisuetara ailegatzen, eta aurrean topatzen zuen guztia eramaten: zuhaitzak, kotxeak eta inguruko herrietako baserrietako abereak, besteak beste.
Erriberako merkatuak ere nozitu zuen uraren indar suntsitzailea, eta, egun batetik bestera, txikituta geratu zen. Jai-eremuko txosnek ere zori bera izan zuten, eta hondakin asko pilatu ziren bertan. Marijaiak ere Areatzako kioskoan bukatu zuen, urak eramanda.
(Bilboko Aste Nagusiko txosnak burdina nahaspila bat izaten bukatu zuten. Argazkia: 1983 Euskadi urperatuta)
Zazpikaleekin batera, Abusu auzoa izan zen Bizkaiko hiriburuko gunerik hondatuenetakoa. Lokatzak lurperatu egin zuen, eta uholdeek bi hildako utzi zituzten.
Uriarte familiak gogoan du oraindik uholdeak fabrikan ezustean harrapatu zituela. 1983 Euskadi urperatuta dokumentalean, Javier Uriartek kontatu zuenez, ura eraikinean sartu eta bulegora igotzen hasi zenean, teilatuan babestu behar izan zuten. Bi anaiarekin, loba batekin eta bi lankiderekin egon zen bertan.
Jose Ramon Uriarteren emazteak, Maria Lourdes Intxaustik, oso gaizki pasatu zuen: "Noski, bertan senarra, ume txikia, bi koinatu eta jende gehiago zegoen. Gainera, momentu horietan txarrena pentsatzen duzu, eta galdu izan banitu ezingo nukeen inoiz gainditu".
Hala ere, onik irten ziren guztiak, gazte batzuei esker, bost metroko eskailera bat jarri baitzuten fabrika eta haren alboan zegoen zubi bat lotzeko.
HONDAMENDIA TOKI GUZTIETAN
Naturaren indarra kantabriar isurialde osoan nabaritu zen. Bermeo, Galdakao, Etxebarri eta Laudio izan ziren abuztuaren 26an eta 27an eroritako 1.500 milioi tona ur horiek kaltetutako herrietako batzuk. Bermeoren kasuan, desagertu egin zela ere esan zuten, baina, konexioak konpondutakoan, ez zela halakorik gertatu egiaztatu zen. Uholdeek, baina, besteak beste, kasinoaren erdia eraitsi zuten.
Jon Elizondok kai ondoan zegoen eraikin horretako taberna zuzentzen zuen Miren arrebarekin batera, eta egun hartan bertan harrapatuta geratu ziren.
Jonen esanetan, sotoan sartu ziren babesteko, baina ura igotzen hasi zenean, toki altu batera igo behar izan zuten, eta, bertan, olatuen soinua entzuten hasi ziren. "Ondoren, itogin batetik buruan ur-tantak sumatu nituen, eta 'hemen goian ura dago', pentsatu nuen. 'Non gaude, baina?' galdetu nion orduan neure buruari".
Handik gutxira, uraren indarrak gainontzekoa egin zuen, eraikina bota zuen eta aske utzi zituen Jon eta Miren.
HERRIALDE BAT INKOMUNIKATUTA
Abuztuaren 26tik 27rako goizaldea lazgarria izan zen. Errepideak moztuta zeuden, eta Bizkaiko zati handi bat argindarrik eta telefonorik gabe egon zen.
(Ibaietako urek inguruko zonalde guztiak urperatu zituzten. Argazkia: 1983 Euskadi urperatuta)
Informazio falta kezkagarria izan zen. Inork ez zuen euren senideen berririk, eta horiekin komunikatzeko, irratia erabili zuten askok eta askok.
Jendeak oharrak emateko erabili zuen irratia, senideak bilatzeko edota ur edangarria banatzen zuten kamioiak non egongo ziren esateko. Izan ere, hoditeriak ez zuen aguantatu eta eztanda egin zuen; ondorioz, hainbat herri ur-horniketa barik geratu ziren.
Maribel Aizarna ETBko kazetariak garbi gogoratzen ditu komunikazioaren arloan lan egiten zutenek nola bizi izan zituen egun horiek:
HERRIAREN ERANTZUNA
Gertakari larrienetan, gizakiak duen onena eta txarrena ematen duela esan ohi da, eta hala izan zen Bilbon ere. Egoera baliatuta, batzuk dendetan eta etxebizitzetan lapurtzen aritu ziren, baina herritar gehienek zuten guztia eman zuten laguntzeko.
Hala, ehunka boluntario kaltetutako inguruetara joan ziren erreskate eta garbiketa lanetan laguntzera, suhiltzaileekin, poliziekin eta soldaduekin batera.
UHOLDEEN ARRISKUA EZ DA DESAGERTU
Adituen ustez, duela 30 urte jazotakoa berriz ere gerta liteke. Margarita Marin meteorologoaren arabera, "ez dago ezer egiterik halako euri-jasa bati eusteko".
Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordearen esanetan, baina, "gaur egun uholde bat egongo dela aurreikusiko genuke, prebentzio-sistema bat jarriko genuke martxan, eta herritarrak aurretik ohartaraziko genituzke".