Gizartea -

Epaiketaren azken saioa

'Aliciaren ustezko hiltzailea ez dago gaixo, pertsona gaiztoa da', esan du fiskalak

Fiskalak baieztatu du Danielen "gaiztakeriagatik" gertatu zela hilketa. "Frogatuta geratu da haurra leihotik bota eta maltzurkeriaz hil zuela", ondorioztatu du Fiskaltzak.

Epaiketako irudia. Argazkia: EFE
Epaiketako irudia. Argazkia: EFE
Aliciaren ustezko hiltzailea: 'Nahi dutena epai dezatela'

1:19

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak ondorioztatu duenez, "argi dago" 2016an Gasteizen 17 hilabeteko haur bat hiltzeagatik epaitu duten Daniel M. irakasle sevillarra dela Aliciaren hiltzailea. Hain zuzen ere, fiskalaren arabera, frogatuta geratu da akusatua Gabriela (Aliciaren ama) hiltzen saiatu zela, eta bi erasoak borondatezko ekintzak izan zirela. Are gehiago, epaiketaren azken saioan adierazi du Danielek bazekiela zer egiten ari zen: "Ez du gaixotasun mentalik. Ekintza izugarriak egin dituen pertsona gaizto bat da".

Alabaina, akusatuaren defentsak Daniel ez zigortzeko eskaria egin du hasiera batetik, gertatu zenean "zoratuta" zegoela argudiatuta. Akusazioak, aitzitik, "zoroaldia antzerki hutsa" izan zela uste du. Horregatik, espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu dute ustezko hiltzailearentzat.

Ondorioen berri emateko garaian, fiskalak baieztatu du Danielen "gaiztakeriagatik" gertatu zela hilketa. "Frogatuta geratu da haurra leihotik bota zuela, eta maltzurkeriaz hil zuela, alegia, umearen heriotza ziurtatzen zuen modu bat aukeratuta. 4,9 metroko altuera batetik jaurti zuen", gaineratu du.

Gainera, Gabriela hiltzen saiatu zela adierazi du, asteazkenean defentsak bere ondorioak aldatu zituela gogora ekarrita. "Danielek Gabriela hil nahi zuen, eta orain ukatu egiten du. Alabaina, azken urteotan argi zeukan ama ere leihotik botatzen saiatu zela", errepikatu du.

Ildo horretan, zer egiten ari zen bazekiela azpimarratu du, "akusatuak berak hanka sartu duela" iritzita. "Gabriela hiltzeko asmorik ez zuela esan du orain akusatuak; beraz, ezin du defendatu ez zekiela zer egiten ari zen. Hori esanda, argi uzten du hilketa gertatu zenean, jakin bazekiela zertan zebilen", nabarmendu du.

Ez dute frogatu eskizofrenia daukanik

Danielen izaeran "eskizofrenia zantzuak" antzeman dituztela aitortu du fiskalak, baina "normaltasunaren barruan" daudela, psikiatrek ez baitute ondorioztatu gaixotasun hori daukanik.

Horrekin batera, akusatuak "barkamenik eskatu ez izana" nabarmendu du Fiskaltzak. "Bi urte baino gehiago igaro dira hilketa gertatu zenetik, eta oraindik ez du damurik erakutsi. Honek guztiak izan ditzakeen ondorioengatik soilik arduratzen da, bere askatasunagatik, komunikabideek diotenagatik, baina berdin dio ume bat hil izana. Pertsona bat nahi gabe hil duen batengan ezohiko jarrera da hori", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Araba Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa