Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Barakaldon, urruntze-agindua urratu ondoren
Gizona bikotekide ohiaren etxean balkoitik sartzen saiatu da. Bizilagun batek Udaltzaingoari abisua eman dio, Gernikako Arbola kaleko etxe baten balkoian emakume bat laguntza eske ikusi ondoren.
Agentziak | Erredakzioa
Gizon bat atxilotu dute Barakaldon (Bizkaia), bere bikotekide ohiaren etxebizitzan balkoitik sartzen saiatu ondoren. Atxilotuak urruntzeko agindua zuen.
Barakaldoko Udalaren iturriek jakitera eman dutenez, bizilagun batek Udaltzaingoari abisua eman dio, Gernikako Arbola kaleko etxe baten balkoian emakumea laguntza eske eta gizona beste balkoi batetik jaisten ikusi ondoren.
Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu dira, baina heldu direnean gizona jadanik ez zegoen han.
Poliziak emakumearekin hitz egiten ari ziren bitartean, beste bizilagun bat gizona etxebizitza batean sartzen ikusi du, eta agenteak jakinaren gainean jarri ditu. Bertan atxilotzea lortu dute.
Urruntze-agindua urratzea leporatuta gizona atxilotu dutela baieztatu du Ertzaintzak.
_______________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.