Gizartea -
Indarkeria matxista
Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen eta Donostian, bikotekideei eraso egiteagatik
41 urteko gizon bat atxilotu dute, Gasteizko diskoteka batetik ateratzean bikotekideari atzaparka egin ondoren. Gainera, 26 urteko gazte bat atxilotu dute Donostiako Alde Zaharrean.
Agentziak | Erredakzioa
41 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen, diskoteka batetik ateratzean eztabaidatu eta borroka egin ondoren, bikotekideari ustez atzaparka egiteagatik. Gainera, 26 urteko gazte bat atxilotu dute, Alde Zaharreko kale batean, Donostian, bikotekideari eraso egin ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Igande goizaldean, Gasteizko Udaltzaingoak bi telefono dei jaso zituen, gertakariaren abisua emateko. Antza denez, gizon bat emakume bati segika, oinez, oihu egiten ari zen Molinuevo parkera bidean, biak San Anton plazako diskoteka batetik atera ondoren.
Udaltzainak bertaratu zirenean, eztabaida beroa eta borroka egin zutela onartu zuten emakumeak eta gizonak. Borrokan gizonak atzamarkatu egin zuen, Udaltzaingoak jakinarazi duenez.
Gizonak etsi zezan alferrik saiatu zirela ziurtatu zuten zenbait lekukok. Horregatik, poliziek atxilotu eta Guardiako Epaitegiaren esku jarri zuten. Epaileak aske uzteko agindua eman zuen.
Alde Zaharra
Donostiako erasoa ere igandean gertatu zen, 22:00ak aldera. Bikotearen eztabaida taberna baten barruan hasi zen. Gizonak emakumea kalera ateratzera behartu zuen. Kalean astindu eta bultzatu zuen, lurrera bota arte.
Lekuko batek Ertzaintzari abisua eman zion. Bikotea Donostiako Alde Zaharreko beste kale batean aurkitu zuten ertzainek. Emakumeak soinekoaren mahuka hautsirik eta gorputzean erasoaren markak zituela egiaztatu zuten.
Biktima osasun zentro batean artatu zuten, eta gizona atxilotu zuten genero indarkeria delitu bat egotzita.
Atxilotua epailearen esku jarri dute dagoeneko, Segurtasun Sailak zehaztu duenez.
_______________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.