Gizartea -
Euskara
Euskaraldian izena emateko epea ireki dute
Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean izango da. Herritarrek euren egunerokoan euskara gehiago erabiltzeko asmoz egindako ekimena da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
'Euskaraldia: 11 egun euskaraz' ariketa sozialean izena emateko epea ireki dute gaur. Hori dela eta, ekimeneko arduradunek ekitaldia egin dute arratsaldean Iruñeko Zentral aretoan, Urko Aristik eta Edurne Azkaratek aurkeztuta.
Ekitaldian, orain arte egindako bideari errepasoa egin diote eta, besteak beste, herrietako batzordeek egindako lana eta erakundeen parte-hartzea nabarmendu dute.
Halaber, euskara sustatzea eta horren erabilerari bultzada ematea helburu duen Euskaraldiko kanta estreinatu dute, eta bertan entzun lehendabizikoz.
Zentral antzokian hainbat lagun bildu dira, tartean Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaile eta Euskaltzaleen Topaguneko kidea, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidentea, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria eta Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Elkargoko Hizkuntza Politikarako presidenteordea.