Gizartea -
Zientzia
Minbizi-zelulak hiltzen dituen Amazonaseko landare batek itxaropena berpiztu du
EHUko ikerketa baten arabera, kimioterapia prozesuetan erabilgarria izan daiteke Vismia baccifera landarea, gaixo dauden giza-zelulak hiltzen baititu.
EFE
Minbizi-zelulak hiltzen dituen Amazonaseko landare bat aurkitu du ikerkuntza baten bidez Jenifer Trepiana doktoreak, eta EFEri jakinarazi dionez, ikerketa horrek minbiziaren aurkako borrokan itxaropena berpiztu du. Izan ere, azken pausoa izango da landare hori kimioterapia prozesuetan erabiltzea, oraindik ikertzeko asko geratzen bada ere.
Begoña Ruiz-Larrea eta Jose Ignacio Ruiz-Sanz EHUko Medikuntza Fakultateko lankideekin egindako ikerketaren ondorioak "Heliyon" aldizkarian argitaratu berri dituzte. Horien arabera, Kolonbiako Amazonasen bildutako Vismia baccifera landareak hanturaren aurkako gaitasun handia dauka, eta gernu-traktuetako gaixotasunetarako eta azal-gaitzetarako erabili ohi dute herritar indigenek.
Landarearen hostoetatik ateratako ura erabili dute ikerlariek, infusio moduan hartuta, indigenen medikuntza tradizionalak egin ohi duen bezala.
"Amazonasetik landare hori ekartzea ez da erraza, baimenak eskatu behar dira", azaldu du Trepianak.
Jenifer Trepiana ikerlaria. Argazkia: EFE
Aurretik egindako ikerketetan EHUko Medikuntza Fakultateko laborategietan atzeman zuten, Amazonaseko landareen artean, Vismia bacciferak zuela tumoreen aurka borrokatzeko gaitasunik handiena. "Hori erabiltzea erabaki genuen gibeleko tumore-zeluletarako toxikotasunik handiena zuelako", adierazi du ikerlariak.
"In vitro" proben ostean, "hurrengo urratsa litzateke animaliekin probak egitea, arratoiekin, esaterako, landare horrek izan dezakeen ondorio terapeutikoa ikusteko, eta gibel-minbiziaren aurkako kimioterapia-agente moduan izango lukeen gaitasuna frogatzeko".