Gizartea -

Nafarroa

Lizarrako San Jurgiren eskultura lehengoratzen ari dira

San Jurgiren irudia bere osotasunean hasierako egoerara ekartzea ezinezkoa bada ere, hein handi batean XVIII. mendeko polikromiarekin antz handia izatea espero dute.

Lizarrako San Jurgiren eskultura hasierako egoerara ekarri dute . Argazkia: EFE
Lizarrako San Jurgiren eskultura hasierako egoerara ekarri dute . Argazkia: EFE
Lizarrako San Jurgiren eskultura hasierako egoerara ekarri dute . Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lizarrako San Migel elizan (Nafarroa) dagoen XVI. mendeko San Jurgiren eskultura hasierako egoerara ekartzeko lanak bizpahiru astetan amaituko dituzte, Ondare Historikoaren Zerbitzuko ondare eta arkeologia atalez arduratzen diren langileek "lan zorrotza" egin ostean.

Intxaurrondo egurrez egindako irudia Nafarroako ondare historikoen artean dago. Ekainean egindako zaharberritze lan batek polemika handia piztu zuen, eta Borja herriko Ecce homo ezagunari egin ziotena ekarri zuen gogora.

Espainiako Zaharberritzaileen Elkarteak (ACRE) zaharberritze lan horretaz arduratu zen Lizarrako Karmacolor enpresaren kontrako salaketa jarri zuen, eta Nafarroako Gobernuko Kultura arloak enpresari eta parrokiari zenbaterainoko zigorra ezarri ahal dien iragarri du; 6.010 eurorainokoa izan daiteke, hain zuzen ere.

Bien bitartean, San Jurgiren eskultura hasierako egoerara ekartzeko lanekin aurrera jarraitzen ari dira. Carlos Martinez Alava Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendariak jakinarazi duenez, zaharberritzea amaitutakoan eramango dute San Jurgiren irudia San Migel elizara.

Irudi originalaren jatorrizko geruzak agerian uztea lortu dute langileek; Martinez Alavak esan duenez, baina, eskultura polikromatua izanik ekainean egindako zaharberritze lanaren azpian ezkutatuta geratu ziren geruza batzuk behin betiko galdu dira. Dena dela, eskultura hasierako egoerara ekarri ahal izateko behar besteko informazioa dutela zehaztu du.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendariaren esanetan, baliteke XVI. mendean eginiko eskultura geruza ezberdinez osatuta egotea, urre koloreko atal batzuez gain, armaduran zilarrezko polikromiak atzeman baitituzte.

Ildo horretatik, lanak urriko azken asterako amaituta izatea aurreikusi du Martinez Alavak, eta San Jurgiren irudia bere osotasunean hasierako egoerara ekartzea ezinezkoa bada ere, hein handi batean XVIII. mendeko polikromiarekin antz handia izatea espero duela esan du.

San Jorge Lizarra Estella Ecce Homo nafarroa navarra EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Artea albisteak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua berriak Lizarra azken ordukoa