Gizartea -

Urretxu-Zumarraga Ikastola

2018ko Kilometroak festaren balorazio gazi-gozoa egin dute

'Gonbidatuta egon ez arren', euriak zipriztindu egin du Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia. Espero baino jende gutxiago izan da, baina diru-ekarpen ugari izango dituztela adierazi dute antolatzaileek.

Zubiak batuz eman diote hasiera aurtengo Kilometroak jaiari . Argazkia: @kilometroak
Zubiak batuz eman diote hasiera aurtengo Kilometroak jaiari . Argazkia: @kilometroak
Espero zena baino jende gutxiago izan da Kilometroetan euria dela eta

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ustekabeko protagonista izan du 2018ko Kilometroak jaiak: euria. Antolatzaileek deitoratu dutenez, "gonbidatuta egon ez arren", egun osoan zehar egin du euria igande honetan Urretxun eta Zumarragan ospatu duten Gipuzkoako ikastolen aldeko festan, eta, horren ondorioz, espero zutena baino jende gutxiago bildu da aurten. Dena dela, bertaratu ez direnek ere diru-ekarpena egiteko asmoa erakutsi dute, antolatzaileek adierazi dutenez; beraz, euren proiektuetarako diru nahikoa biltzea espero dute.

"Oztopoak oztopo, lasaitasunean eta giro onean joan da eguna", adierazi dute Kilometroak jaiaren aurtengo antolatzaileek ohar baten bidez. "Eguraldi makurrak ez du prestatutako egitaraua zapuztu, nahiz eta zenbait ekitaldi moldatu behar izan diren", adierazi dute; Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioaren erakustaldia, esaterako, bertan behera utzi behar izan dute.

Hala eta guztiz ere, egunak "ustekabe politak ere" eskaini ditu. "Urretxu-Zumarraga ikastolako eraikina gune inprobisatu bihurtu da; euriarengandik babesteko asmoz familia askok baliatu du eraikina babesleku bezala", azpimarratu dute.

Diru-ekarpenak egiteko modua

Igandean jaira joan ezin izan zirenek, eta joanda ere, Urretxu-Zumarraga ikastolari aparteko laguntza eman nahi diotenek bigarren aukera bat dute, antolatzaileek astelehen honetan jakinarazi dutenez.

Hala, hainbat kontu korronte zabaldu dituzte diru-ekarpenak egiteko:

KUTXABANK 2095 5001 00 911 7322404

LABORAL KUTXA 3035 0027 76 0270053696

RURAL KUTXA 3008 0158 3336 2854 4227

'Zubiak batuz' lelopean

Horrela, 'Zubiak batuz' lelopean ospatu dute Urretxun eta Zumarragan Gipuzkoako Ikastolen aldeko jaia. Leloari men eginez, zubiek batzeko, "elkarrengana gerturatzeko eta harremanak sendotzeko duten garrantzia" azpimarratu dute antolatzaileek, eguraldiak baldintzatu duen hasiera ekitaldian.

Urte guztian bidelagun izan den Zubizikletari ongietorria eginez eman diote hasiera Kilometroak jaiari. Bertan izan dira, besteak beste, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatua, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria eta Jon Luqui eta Mikel Serrano Urretxu eta Zumarragako alkateak.

Argiñe Artolazabal Urretxu-Zumarraga Ikastolako zuzendariak egin die ongietorria guztiei. Bere hitzaldian, orain 52 urte Urretxu-Zumarraga Ikastola abian jarri zuten gurasoak izan ditu gogoan, eta haiek egungo gurasoen ispilu direla nabarmendu du. "Haien lekukoa hartuta, gaur egun Ikastola osatzen dugun familiak eta langileak urte osoan aritu gara lanean, gogotsu eta ilusioz. Eta, emaitzak emaitza, ikasgai garrantzitsu bat jaso dugu: komunitate sendoa osatzen dugula", azpimarratu du.

Ekitaldi xumea izan da ikastolaren iragana eta oraina batu dituena. Aurreskuan, esaterako, ikastolako langileek eta egungo zein lehengo guraso eta ikasleek hartu dute parte. Ikastolaren etorkizuna, berriz, egungo ikasleek egin duten dantzan islatu nahi izan dute. Kilometroetako kantarekin lotutako koreografia dantzatu dute adin ezberdinetako ikasleek.

Lehen urte haietan musu truk ikastolaren alde lanean aritu ziren familiak omentzeko ere balio izan du ekitaldiak. Familia horien ordezkari gisa Balentziaga-Larrañaga eta Garralda-Areizaga familiak izan dira oholtzan. Haiek izan dute, zubiak batzeko asmoz, aurtengoan Kilometroak jaiari hasiera eman dieten zintak batzeko ardura.

Azken urteetan hainbat berrikuntza egin dituzte Urretxu-Zumarraga Ikastolako eraikinean behar pedagogiko berrietara egokitzeko, eta lan horiek eragindako gastuei aurre egiteko baliatuko dute aurtengo jaian lortutako dirua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Kilometroak albisteak Gipuzkoa EAE Gizartea Eguneko albisteak Zumarraga argazkiak Albisteak Urretxu albisteak Goierri