Gizartea -
Gatazka Galdakaon
Aldundia eta Metroa autobus zerbitzua martxan jartzeko bilduko dira
Epaile batek zerbitzua bermatu artean Galdakaotik Etxebarrirako autobus zerbitzurik ez dela izango adierazi dute.
Erredakzioa
Metro Bilbaok, epaitegitan kautelazko neurriak eskatu ditu&' || 'nbsp; Galdakao eta Etxebarriko metro geltokirainoko autobus zerbitzua eskaini ahal izateko.
Neurri horiek zerbitzua bermatzen ez duten bitartean edota Ertzaintzak autobusak ez dituela geldiaraziko jakinarazten ez duen bitartean zerbitzurik ez dutela berrezarriko argitu dute.
Iñaki Prego, Metro Bilbaoko Kontseilari Delegatuak, autobus zerbitzuaren legezkotasuna defendatu du prentsaurrekoan. "Nahierara" egiten diren esleipenak baztertzen dituztela adierazi du eta ez dutela zentzu horretan amore emango.
Era berean, Bizkaiko Aldundiaren proposamenaren inguruan erabiltzaileek zerbitzua "birritan ordaindu" beharko luketela ohartarazi du Pregok eta Metro Bilbaok eskaintzen duen zerbitzua, berriz, behin bakarrik ordainduta nahikoa dela argitu du.
Egoera konpontzeko helburuarekin, Metro Bilbaok bilera egitea proposatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari, aste honetako ostegunean. Horretarako, Gascok gutuna bidali dio Pilar Ardanza Garraio arduradunari, "ahalik eta lasterren" autobus zerbitzua martxan jarri ahal izateko.
Gutun horretan, zerbitzua abian jartzeko "hainbat hilabeteko lana" egin dutela gogoratu du Ernesto Gascok. Aldundiaren erabakiek, "zoritzarrez", zerbitzu hori eskaintzea saihestu dutela berretsi du Metroko presidenteak.
Bilera ostegunean, goizeko 9:00etan, egitea proposatu du Metro Bilbaok.
Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio departamentuko iturriek baieztatu dutenez, Ardanzak Gascoren gonbitea jaso eta eskaera onartuko du.
Iturri berdinen arabera, orain arte Metro Bilbaoren eta Aldundiaren arteko bilerak izan dira eta bihar ere berriz bilduko dira metroko eta Aldundiko ordezkariak.
Erakundeen arteko gatazka
Galdakaotik Etxebarriko metro geltokirainoko autobus zerbitzuaren gatazka atzo hasi zen. Metro Bilbaok martxan ipinitako zerbitzua eteteko agindu zuen Aldundiak araudia betetzen ez zuela argudiatuta.
Gaur goizean, Metroko arduradunek autobus zerbitzua berrezarri dute, baina Aldundiko ikuskatzaileek, Ertzaintzaren agenteen laguntzaz, autobus zerbitzua bertan behera uzteko agindu dute.
Hala, 09:15ean agenteek Galdakao eta Etxebarriko metro geltokirako joan etorria egiten ari ziren hiru autobusak geldiarazi dituzte.
Tentsio eta nahasmen handiko uneak sortu dira. Bidaiari gehienak ikasleak eta lanera zihoazen langileak ziren, Radio Euskadik euren testigantzak jaso ditu. "Guk ez dugu gatazka honetan errurik, baina ardurak ditugu, lanera joan behar dugu. " adierazi du haserre erabiltzaie batek. Bi erakundeen arteko liskarra "tamalgarria" dela salatu du beste batek.