Gizartea -
Metro Bilbao
Gaur ere ez da Metroko autobus zerbitzurik izango Galdakaon
Metro Bilbaok eta Bizkaiko Foru Aldundiak gatazkari irtenbidea bilatzeko bilera egingo dute bihar.
Erredakzioa
Galdakaotik Etxebarrirainoko metro geltokirako bidea egiten duten autobusak, gaur, ez dira bidera atera ere egin.
Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzua geldiarazi zuen atzo bigarren egunez jarraian, indarrean dagoen araudia betetzen ez duela argudiatuta.
Egoera honen aurrean, Metro Bilbaok, kautelazko neurriak eskatu ditu epaitegietan. Zerbitzua bermatzen ez den bitartean edota Ertzaintzak autobusak ez dituela geldiaraziko jakinarazten ez duen bitartean ez omen da metrorako autobus zerbitzurik izango.
Galdakaoztarrak haserre
Erakundeen arteko liskarrak haserrea piztu du galdakaoztarren artean.
Atzo, 09:30ak aldera, Aldundiko ikuskatzaileek, Ertzaintzaren agenteek lagunduta, autobusa geldiarazteko agindu zuten. Erabaki horren ondorioz tentsioa eta nahasmen uneak sortu ziren erabiltzaileen artean. Bidaiari gehienak ikasleak eta lanera zihoazen langileak ziren. "Guk ez dugu gatazka honetan errurik, baina ardurak ditugu, lanera joan behar dugu. " adierazi zuen haserre erabiltzaie batek Radio Euskadin. Liskarra "tamalgarria" dela salatu du beste batek.
Gatazka konpontzeko bilera
Egoera konpontzeko helburuarekin, Metro Bilbaok Bizkaiko Foru Aldundiari bilera egitea proposatu dio. Ernesto Gasco Metroko buruak , gutuna igorri zion Pilar Ardanza Garraio arduradunari, "ahalik eta lasterren" autobus zerbitzua martxan jarri ahal izateko.
Gutun horretan, zerbitzua abian jartzeko "hainbat hilabeteko lana" egin dutela gogoratu zion Gascok eta Aldundiaren erabakiek, "zoritxarrez", zerbitzu hori eskaintzea saihestu dutela.&' || 'nbsp;
Bilera, bihar, goizeko 9:00etan egiteko asmoa dute.