Gizartea -

Cabacas auzia

Kontraesanetan erori dira inputatutako ertzainen lankideak

Epaiketan lekuko bezala deklaratu duten ertzain guztiek esan dute objektuak jaurti zizkietela, baina askotarikoak izan dira tiroei buruz egindako deklarazioak.

Cabacas auziko epaiketa / EFE.
Cabacas auziko epaiketa / EFE.
Cabacas auzian gaur deklaratu duten ertzainak kontraesanetan erori dira

1:16

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inputatutako ertzainen lankideek deklaratu dute, lekuko bezala, Bizkaiako Auzitegian, Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko egiten ari den epaiketaren zazpigarren jardunaldian. Zenbait kontraesanetan erori dira agenteak.

2012ko apirilaren 5ean, gomazko pilota batek Athleticeko zalea hil zuen, Bilboko Maria Diaz de Haro kale txikian. Pilota hura nork jaurti zuen argitzen saiatzen ari da Cabacas auziko epaiketa.

Polizia operazioan parte hartu zuten sei ertzain –sei tarteko agintari eta sei agente– daude akusatuta. Akusazio partikularrak –familia ordezkatzen du–, lau urteko kartzela zigorra eta sei urteko inhabilitazioa eskatzen dizkio bakoitzari, homizidio arduragabe larriagatik. Fiskaltzak eta akusatuen defentsak absoluzioaren alde egin dute.

Sesio honetan lekuko bezala deklaratu dute inputatuen furgoneta berberetan parte hartu zuten zenbait agentek eta beste operazioaren parte ez ziren bi furgonetatan zeuden beste batzuek.

Deklarazioan, Poza kalean zeuden ertzainek, urdinez jantzita, ukatu egin dute kale-kantoira hurbildu zirenik, eta kale-kantoian zeudenak, gorriz jantzita, aldiz, bestelakoa esan dute. Juan Jose de Pablo ofizialaren abokatuak urdinez jantzitako ertzainak nondik zetozen galdetu dio kale-kantoian zeuden ertzainetako bati, eta horrek Poza kaletik zetozela erantzun du.

Deklarazio hori bat dator aurreko egunetan deklaratu duten lekukoek esan zutenarekin. Epaiketan hitz egin duten herritarren arabera, gorriz jantzitako ertzainez gain, urdinez jantzitako ertzainek ere tiro egin zuten.

Tiroei buruzko askotariko lekukotzak

Egindako tiroen inguruan, deklarazio desberdinak entzun dira sesioan. Agente batek lankideek "salbaren bat" (balarik gabeko tiroak) egin zutela esan du, eta bukaeran baino ez zuela gomazko pilotaren bat ikusi.

Beste agente batek lankideak ikusi zituen tiro egiten, baina ez zuen gomazko pilotarik ikusi, eta beste batzuek eztandak entzun zituzten heltzean, baina ez zuten inor tiro egiten ikusi.

Beste bi furgonetetako agenteek esan dutenez, borroka batez ohartarazita bertaratu ziren. Lekukoaren arabera, "momentu horretan" ez zen tirorik izan, baina geroago "tiro pilo bat" entzun ziren; "mascleta ematen zuen".

Objektuak furgoneten kontra

Gainera, zazpigarren sesioan deklaratu duten agenteek Ertzaintzaren ibilgailuen aurka objektuak jaurti zirela baieztatu dute. Esan dutenez, "botilak, hautsontziak eta denetarik" bota zizkieten, "ugari". Batek kaskoan eman ziotela esan du.

Maria Diaz de Haro kalera heldu zirenean operazioa "hasita" zegoela esan dute inputatutako ertzainen lankideek, eta "detonazioak" entzuten zirela.

Horiek akusatutakoen artean dagoen ofizialaren furgonetakoak ziren. Ofizial hori da Maria Diaz de Haroko operatiboan zeudenen artean maila autoena zuen agentea. Bertan aginduak eman behar zituena zela esan zuen Ugartekok, polizia-etxean zegoen operatiboaren buruak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Cabacas Bilbo Ertzaintza Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak