Gizartea -

Nafarroa

Euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea eskatu dute milaka pertsonak, Iruñean

80 gizarte eragilek egin dute bat manifestazioarekin, horien artean, Geroa Baik eta EH Bilduk, baita ELA eta LAB sindikatuek ere. Manifestatzaileek berdintasuna, kohesioa eta justizia eskatu dituzte.

Manifestazioa Iruñean, euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea aldarrikatzeko. EFE
Manifestazioa Iruñean, euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea aldarrikatzeko. EFE
Manifestazioa Iruñean, euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea aldarrikatzeko. EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskararen ofizialtasun osoa aldarrikatzeko manifestazio jendetsua egin dute Iruñean (Nafarroa), larunbat honetan. Kontseiluak deitu du, euskararen normalizazioan diharduen gizarte erakundeen bilguneak. 80 gizarte eragilek egin dute bat manifestazioarekin, horien artean Geroa Bai eta EH Bildu alderdiek, baita ELA eta LAB sindikatuek ere.

Hiru puntutatik atera da manifestazioa: Media Luna parketik, Gaztelupe plazatik eta Iturrama kaletik. Hiruek bat egin dute Bakearen plazan, berdintasuna, kohesioa eta justizia eskatuz. Leku bakoitzetik ateratako pankartan hitz horietako bat eramaten dute.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak azpimarratu du euskararen ofizialtasunaren aitortzearen atzean herritarrak daudela, izen-abizenak daudela, eta gaurkoan izen-abizen horiei aurpegiak jarri nahi izan dizkietela.

"Bizikidetzan oinarrituko den gizarte bat eraiki nahi badugu, guk gaur eskatu ditugun hiru zutabeak, berdintasuna, kohesioa eta justizia, nahitaezkoak dira, eta herritar guztiak berditasunez hartuko dituen lege berri batekin soilik lortuko dira helburu horiek", azaldu du Bilbaok.

Halaber, Nafarroako Parlamentuan hartzen dituzten erabakiek herritarren "eguneroko bizitzan eragin zuzena" dutela adierazi du, eta hara begira jarriko direla, "ahalik eta azkarren,  legegintzaldia amaitu baino lehen, justizia egin dadin, kohesioa berma dadin eta benetan herritarren arteko berdintasuna lortu dadin".

Bakearen plazan elkartu dira hiru muturrak, eta elkarrekin egin dute autobus geltokiko zelaigunerako bidea. Hiru pankartak bertan elkartu dira, eta haien zain zegoenarekin jarri dira, "Euskara ofiziala Nafarroa osoan" leloa zuela. Nafar guztiak berdintasunean hartuko dituen euskararen lege berri bat eskatu dute.

NAFARROA MANIFESTAZIOA EUSKARA EUSKADI IRRATIA

Argazkia: Euskadi Irratia

Zutabe bakoitzeko jai giroak, besteak beste, txistulariekin eta erraldoiekin batera, elkarretaratzean ere jarraitu du. Bertan jotak abestu dituzte, txalaparta jo dute eta rapero bat izan da. Bertaratu direnen aldarrikapenak ere adierazi dituzte.

Hiru pertsonak hartu dute hitza: Unai Arellanok, Nekane Otamendik eta Saioa Crespok, hiru zutabeak ordezkatuz, eta kohesioaz, berdintasunaz eta justiziaz hitz egin dute. Izan ere, haien ustez, Nafarroan euskara normalizatzeak hori irudikatzen du.

Kontseilua elkarteko idazkari nagusiak ekitaldira bertaratu izana eskertu die guztiei, baita egindako lana ere, eta azken egunotan mobilizazioarekin bat egin duten mugimendu sozialei ere eskerrak eman dizkie.

"Aniztasun honek esan nahi du gai hau ez dagokiola euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten erakundeei soilik", adierazi du, eta "pertsona batzuen eskubideak bermatu gabe egotearen erantzule" direla esan die politikoei, "ofizialtasuna lurralde osoan aitortzen ez dutelako".

Hori dela eta, "erantzukizunez" jokatzeko eskatu die, eta aurreko politikoekin "zerikusirik ez" dutela erakusteko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Iruñeko albisteak Nafarroa Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Protestak gaur Kontseilua albisteak gaur