Gizartea -
Delituen tipifikazioa
Sexu-abusu oro eraso izango da
Hala ere, zigorretan eragin gutxi izango duen aldaketa da. Zigorrak berriz aztertuko dituzte, baina bortxaketagatik jarri ahalko den zigorrik handiena 15 urtekoa izango da.
Agentziak | Erredakzioa
Zigor Kodean sexu delituen tipifikazioa aztertzeko ardura duen adituen batzordea akordio bat ixten ari da. Horren arabera, sexu-abusu guztiak erasoak izango dira, eta zigorrak berriro aztertuko dituzte, baina bortxaketagatik jarri ahalko den zigorrik handiena 15 urtekoa izango da.
Zigor Kodeko artikuluak egungo errealitatera egokitzeko lanean aurrerapausoak eman dituzte gaur Kodifikazio Batzorde Nagusiaren zigor arloko adituek. Hala ere, ez dute behin betiko testurik itxi, organoko kideek jakitera eman dutenez. Justizia Ministerioa aholkatzeko ardura du aipatu batzordeak.
Zalantza handienak sortzen zituzten alderdiak ia konpondu dituzte adostasunez, iturrion arabera. Behin betiko txostena urtea bukatu baino lehen garaiz aurkezteko baikor daude.
Bortxaketagatik ezarri beharreko zigorrik handiena mahai gainean izan da. Egun 15 urtekoa da, hilketagatik ezar daitekeen berbera.
Zigorrik handiena aplikatzeko inguruabarrak gehiago zehaztu dituzte adituek; hau da, beti gutxienez bi inguruabar oso larri eman beharko dira zigorrik handiena aplikatu ahal izateko; adibidez, biktimaren osasuna arriskuan jar dezaketen armak erabiltzea edo tratu umiliagarri edo iraingarria ematea.
“Sexu-erasoen” atalean gaur “abusutzat” jotzen direnak txertatzeko akordioa itxi dute adituek. Eredu horren (erasoak larritasunaren arabera bereiziko dira) aldeko apustua egin dute, nahiz eta zigorretan eragin gutxi izango duen aldaketa izango dela onartu.
Sexu-erasoak gertatzen diren inguruabarren tipifikazioan aldaketak egingo dituzte adituek, eta, horrela, zigorretan eragina izango dute.
Kodea egungo errealitatera egokitzeko beharrezko ñabardurak barneratuko omen dituzte; adibidez, biktima batek alkohola edo drogak borondate propioz edo drogatu eta hutseratu duten bereiziko dute, erasotzaileak erantzukizun handiagoa duen erabakitzeko.