Gizartea -
Indarkeria matxista
Ehunka lasterkarik Laura Luelmo izan dute gogoan, Gasteizen eta Donostian
Erasoak jasateko beldurrik gabe, emakumeek korrika egiteko askatasuna izatea aldarrikatu eta indarkeria "erabat gaitzetsi" dute korrikalariek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ehunka lasterkarik, gehienak emakumeak, Laura Luelmo gaztea izan dute gogoan Donostian eta Gasteizen. Gainera, erasoak jasateko beldurrik gabe, emakumeek korrika egiteko askatasuna izatea aldarrikatu dute korrikalariek, besteak beste, Huelvan hildako irakasleak jasandako erasoa "erabat gaitzetsiz".
Aipatutako lehen hitzordua Gipuzkoako hiriburuan izan dute lasterkariek. Han, ehunka lagun bildu dira 10:00etatik aurrera egin duten korrikaldian. Jon Prada gazte donostiarrak deitu zuen, sare sozialen bidez, gaurko lasterketa.
Ildo horretan, Pradak aldarrikatu du emakumeek "ikararik gabe eta aske" ibiltzeko eskubidea izan behar dutela, eta minutu bateko isilunea egitera gonbidatu ditu parte-hartzaileak "Lauraren eta desparekotasuna pairatzen duten emakumeen" alde.
Ondoren, bi ibilbide ezberdin egin dituzte korrikalariek: batzuek 4 kilometroko korrikaldia, eta besteek 8,1 kilometrokoa.
Ordubete geroago, Gasteizko Prado parkean berrehun bat lagun batu dira, gehienak emakumeak, E-tri triatloi taldeak egindako deialdiarekin bat eginez.
"Igande hau berezia izatea nahi dugu", adierazi dute ekimen horren bultzatzaileek. "Igande honetan bihotzarekin egingo dugu korrika, eta arrazoi baten alde: ezta bat gutxiago ere", esan dute.
Ruth Brito Arabako hiriburuan bizi den triatleta kanariarrak Lauraren omenezko poema bat irakurri du, gainerako parte-hartzaileek, eskuak oratuta, biribil handi bat sortu duten bitartean.
Minutu bateko isilunearen ondotik, lasterkariek bi buelta eman dizkiote parkeari, eta horietako batzuek korrika jarraitu dute "Ezta bat gutxiago ere" lelopean.