Gizartea -
Indarkeria matxista
Bost gizon atxilotuta eta adin txikiko bat identifikatuta, indarkeria matxistagatik
Ertzaintzak bost gizon atxilotu ditu 2019ko lehen bi egunetan, emakumeen aurkako indarkeria leporatuta. Atxiloketak Bilbon, Gasteizen, Erandion eta Soraluzen egin dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak bost gizon atxilotu ditu urte berria hasi denetik, indarkeria matxista dela eta. Atxiloketak Bilbon, Gasteizen, Erandion eta Soraluzen egin dituzte.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Bilbon 18 urteko gazte bat atxilotu dute bikotekide ohiari eraso egin eta neskak zeraman hiru hilabeteko haurtxoaren aulkitxoari ostikoa eman baitio. Erasoa atzo eguerdian gertatu zen, Cocherito de Bilbao kalean.
Atzo, arratsaldeko zazpiak aldera, Ertzaintzak Lutxanako etxebizitza batean jasotako eraso matxista baten berri jaso zuen. Poliziak ibilgailu baten barruan aurkitu zituen biktima eta haren erasotzailea, BI-735 errepidean gelditu baitzituen.
Soraluzen, berriz, 25 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo bikotekideari eta haren lagun bati eraso egin izanagatik.
Gasteizen, 49 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, bikotekide ohia astintzea eta mehatxatzea egotzita. Gertakariak bart, 21:00etan, jazo dira. Aitak aurpegian zaplaztekoa eman ziola kontatu zion 13 urteko alabak amari, eta jarraian gurasoak eztabaidan hasi ziren. Orduan, gizonak ama astindu eta hormaren kontra jarri zuen, mehatxu eginez.
Bertan zegoen senide bat sartu zen tartean, eta emakumeari lagundu zion, Udaltzaingoak gaur jakinarazi duenez.
Gaur egunsentian beste gizon bat atxilotu dute Bilboko Gordoniz kalean bikotekideari edalontzi batekin eraso egin ostean.
Bestalde, Durangon adin txikiko bat identifikatu dute 18 urteko bikotekide ohiari eraso egiteagatik. Gazteak kolpe bat jaso zuen aurpegian eta Galdakaoko ospitalera eraman zuten. Erasoa Ezkurdi kalean gertatu da.
_____________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.