Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Bilbon bikotekideari kalean eraso egiteagatik

Arbolantxa kalean jazo zen erasoa, ostiralean. Bilboko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du erasoa gaitzesteko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu zuen ostiralean genero indarkeria delitua egotzita. Bikotekideari eraso zion, kalean bertan, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Erasoa 11:00ak aldera jazo zen, Arbolantxa kalean. Udaltzainak bertaratu zirenean emakumea bakarrik topatu zuten, negarrez eta indarkeria zantzuekin.

Agenteak bikotearen etxera joan ziren, eta han atxilotu zuten gizona.

Bilboko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du erasoa "irmotasun osoz gaitzetsiz eta bere samina agertuz". Udalean ordezkaritza duten talde guztiek onartutako agirian jasota dagoenez, "ekintza horrek osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa izateaz gain, giza-eskubideen haustura larri eta jasanezina dakar berez".  Emakumeari eta  gertukoei euren babesa azaldu diete ordezkari politikoek.

"Eraso sexual eta sexistek gizartean eta gure bizimoduan, arlo pribatuan zein publikoan, ematen den indarkeria matxista islatzen dutela gogorarazi gura diegu bilbotarrei. Ildo horretan, emakumeentzat errespetuzkoak ez diren mota guztietako jokabideak arbuiatzen ditugu, keinu zein jarrera sexistak eta muturreko erasoak barne hartuta", erantsi dute.

Hori dela eta, Bilboko Udalak dei egiten die herritarrei "berdintasunaren aldeko gizarte zuzena lortzeko duen konpromisoari lotuta, edonolako eraso sexistei aurre egiteko eta, aurrekoaren ondorioz, inolako tolerantziarik ez agertzera eta ekintza horiek zigorrik gabe ez uztera". "Guztiok azaldu behar dugu emakumeen aurkako indarkeriaren edozein agerraldiren kontra. Horretarako, ekintza horiek salatu behar ditugu, ez ditugu baimendu behar eta haien aurrean ezin gara isildu; aitzitik, gure babesa erakutsi behar diegu jasaten dituztenei, hitz batean, banakako eta taldeko erantzukizuna gure gain hartu behar dugu eraso matxisten aurrean", azpimarratu dute.

Azkenik, Bilboko Udalak gogorarazi du eraso horiek gaitzesteko ekintzetan parte hartuko duela eta Genero Indarkeriaren alorrean Arretarako eta Prebentziorako Programaren udal zerbitzuak horietaz baliatu behar dituztenen esku jarriko dituela, arreta osoa eta espezializatua eskaintzeko asmoz.

______________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Tratu txarrak Bilbo Indarkeria matxista Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa