Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Hiru emakumek lanean jasandako jazarpen eta baztekeria kasuak salatu ditu LABek
Sindikatuak esan duenez, Gasteizko hiru enpresatan gertatutako kasuak dira. Salatutako bi, sexu jazarpen kasuak dira, eta hirugarrena, haurdun zegoen emakume baten kaleratzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteizko hiru enpresatan izandako emakumeen kontrako hiru bazterkeria eta jazarpen kasu salatu ditu gaur goizean LAB sindikatuak. "Tamalez ez dira kasu isolatuak, ez dira ematen diren lehenak, ezta azkenak ere", esanez abiatu dute agerraldia.
Eli Etxeberria LABeko Idazkaritza Feministako ordezkaria, Lorea Porre sindikatuko abokatua eta Iraia Onaindia LABeko kidea agertu dira hedabideen aurrean, hiru kasuen berri emateko. "Indarkeria matxista lan munduan, jendartean ematen denaren isla da. Botere harreman eta harreman hierarkikoekin gurutzatzen da eta horrek indarkeria detektatzea eta salatzea eragozten du", esan du Etxeberriak.
Batetik, Gasteizko Palacio Elorriaga Hotelean, iazko irailean, "haurdun egoteagaitik langile bat kaleratu" zutela salatu du LABek. "Zazpi urteko lan-harremana eta gero", emakumeak bere haurdunaldia enpresari jakinarazi eta bi asteren buruan jaso zuen kaleratze agiria. Langileak kaleratzea salatu zuen, eta urtarrilaren 22an epaiketa egin ondoren, epaiaren zain daude.
Bestalde, joan den urteko azaroan, Arabako Foru Aldundiko azpikontratatuko enpresa batean, gizon batek emakume bati sexu erasoa egin ziola esan dute sindikatu abertzaleko ordezkariek. "Emakumeak salaketa jarri zuen, eta erasotzailea bortxaketa delitu arin bategatik zigortu dute, urruntze agindu bat ezartzeaz gain. Hala ere, enpresak ez du inolako neurririk ipini halako egoera bat berriro gerta ez dadin", gaineratu du LABek.
Azkenik, Transportes Hombres Barreira enpresan "hainbat hilabetez emakume langile baten aurka gertatu den sexu jazarpen" kasu baten berri eman dute agerraldian. "Enpresako zuzendaritza konplize bilakatu da egoera honetan, ez baitu ezer egin egoerari amaiera ipintzeko; langilea babesteko, erantzukizunak egokitzeko eta halako zerbait berriro gerta ez dadin neurriak jartzeko, alegia", zehaztu dute.
LABek esan duenez, ez dute "kasu bat bera ere pasatzen utziko". Emakume guztiei dei egin diete lan munduan gertatzen diren erasoak salatzeko, eta enpresei, berriz, "sexu jazarpena zein diskriminazioa ekiditeko protokoloak martxan jar ditzatela" eskatu diete.