Gizartea -
Osasun bermeak
Poloniatik Euskadira heldu den behi haragi-sail bat merkatutik kendu dute
Haragia Euskadiko sei saltokitan banatu zuten. Dirudienez, haragia Poloniako hiltegi batetik heldu da, baina kontsumo eta salmentarako hil osteko kontrolak ez ditu pasa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Poloniatik heldu den behi haragi-sail bat aurkitu eta merkatutik kendu du Eusko Jaurlaritzak, kontsumorako osasun bermeak betetzen ez dituelako. Hala ere, lasaitasun mezu bat zabaldu nahi izan du Exekutiboak, “osasunerako arriskurik suposatzen ez duelako”.
Dirudienez, haragia Poloniako hiltegi batetik heldu da, baina kontsumo eta salmentarako hil osteko kontrolak ez ditu pasa, Jaurlaritzak agiri batean azaldu duenez.
Exekutiboko Osasun Publiko Zuzendaritzak haragi-sail bat topatu eta immobilizatu du. Haragia Euskadiko sei saltokitan banatu zuten.
Ordu batzuk lehenago, kontsumoaz, elikagaien segurtasunaz eta nutrizioaz arduratzen den Aecosan agentzia espainiarrak ohartarazi du Poloniak esportatu duen gaixotutako behien haragia Estatura iritsi dela. 367,58 okela kilo banatu dituzte guztira Euskal Autonomia Erkidegoan, Balearretan eta Madrilen. Hori dela eta, okela sortak merkatutik lehenbailehen kentzeko eskatu die Aecosanek kaltetutako erkidegoei.
Ohar batean jakitera eman duenez, joan den asteartean Poloniak RASFF elikagaien berehalako alerta sistemaren bidez espediente bat ireki zuen, ELKOPL sp. Z.o.o. enpresak urtarrilaren 10, 11, 12 eta 14an ekoiztutako haragiak azterketan bete beharreko baldintzak gainditu ez zituela jakinarazi ostean. Horixe da, hain zuzen, Osasun Ministerioko iturriek esan dutena.
Hori dela eta, Poloniako agintariek esportazioa debekatu diote aipatutako enpresari.
Alabaina, haragia Poloniako beste lantegi batera bidali zuten, txikitzera, eta handik Estoniara, Finlandiara, Frantziara, Hungariara, Lituaniara, Portugalera eta Suediara esportatu zuten.
Esan bezala, RASFFen bidez zabaldutako banaketa zerrendan estatuko zenbait enpresa agertzen dira. Hala ere, ostegunean espedientea aldatu eta "jarraipena egiteko informazio jakinarazpen estatusa" eman diote (alerta sisteman bigarren larritasun maila baxuena).
Aecosanen oharrak dionez, informazio hori autonomia erkidego guztiei bidali zaie, produktua lehenbailehen merkatutik kentzeko.