Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

2016an emakume bat hil eta zatitu izana egotzitako akusatua epaitzen hasi dira Araban

Fiskaltzak 20 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat. Gizonak gorpua zatitu eta Zadorra ibaira bota omen zuen.

Gasteizko epaitegien kanpoaldea. ETBren bideo batetik lortutako artxiboko argazkia
Gasteizko epaitegien kanpoaldea
Hasi da 2016an emakume bat hil eta zatikatu zuen gizonaren kontrako epaiketa

1:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2016ko ekainaren 21ean zatituta agertu zen 60 urteko emakumearen ustezko hiltzailearen aurkako epaiketa hasi da gaur (asteartea) Arabako Probintzia Auzitegian. Fiskaltzak 20 urteko kartzela zigorra eskatu du maltzurkeriaz egindako erailketa delitu batengatik.

Fiskaltzak kalte-ordaina ere eskatzen dio, ehuna mila euro hildako emakumearen bi seme-alabentzat. Gizonak 43 urte zituen hilketa gertatu zenean.

Hilketa 2016ko ekainaren 16an jazo zen Gasteizko alde zaharrean; akusatuak eta biktimak eztabaida bat hasi zuten gizonaren etxebizitzan. Emakumea eta ustezko hiltzailea lagunak ziren.

Fiskaltzaren behin-behineko kalifikazio-idazkiak jasotakoaren arabera, halako batean, gizonak emakumea jipoitu zuen "hiltzeko asmoarekin". Halaber, gizonak emakumea kable batekin lotu zuen; biktimaren nahasmendua aprobetxatuz, aurpegian eta gorputzean hainbat kolpe eman zizkion objektu kamuts batekin hil arte.

Fiskaltzaren esanetan, gizonak gorputza zatikatu zuen "desagerrarazteko asmoarekin"; horretarako, hainbat tresna ebakitzaile erabili zituen, esaterako, zerra eta labana.

Ondoren, ekainaren 16a eta 20a bitartean, biktimaren gorpuzkiak Zadorra ibaira botatzera joan zen Abetxuku auzora, Fiskaltzaren ustez.

Emakumearen gorpua 2016ko ekainaren 16an topatu zuten, gizonak ustez hilketan erabilitako tresneria guztiekin batera.

Defentsaren hitzetan, akusatua barkamena eskatzeko bere buruaz beste egiten saiatu zen

Akusatuaren nortasunaren nahasmendua, droga eta alkoholekiko menpekotasuna, krimena aitortu zuela eta barkamena eskatzeko modu bezala espetxean bere buruaz beste egiten saiatu zela kontuan hartzeko eskatu dio defentsak epaimahaiari.

Akusatua homizidio delitu baten egile dela uste du defentsak. Azpikeriarik izan ez zela eta hiru aringarri kontuan hartzeko eskatu dio abokatuak epaimahaiari. Alde batetik, nortasunaren nahasmendua du, eta baita alkohol eta psikotropikoekiko menpekotasuna ere. Gainera, krimena gertatu baino hilabete batzuk lehenago kontsumoa areagotu zuen; ondorioz, egiten ari zena ulertzeko gaitasunak aztoraturik zituen.

Akusatuak krimena aitortu zuelako, eta Ertzaintzari lagundu ziolako aringarriak planteatu ditu defentsak. Espetxean zegoela, 2017ko ekainean, lepoa rotaflex batekin mozten saiatu zen, abokatuaren hitzetan, egindako kaltea konpondu eta barkamena eskatu nahian, modu “moralean”. Barkamena eskatzeko aringarri “bitxia” kontuan hartu beharko luketela uste du defentsak. Horregatik, bost urte zentro psikiatriko batean sartzea eskatu du.

______________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Araba Delituak Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Giza hilketak