Gizartea -

Polizia operazioa

Hiru gizon atxilotu dituzte Bizkaian, Llaneseko zinegotzi baten hilketarekin lotuta

Bizkaian atxilotutakoak Guardia Zibilaren kuartel batera eraman dituzte. Halaber, laugarren bat atxilotu dute Suitzan. Francisco Javier Ardines, IUko zinegotzia, kolpeka hil zuten abuztuan.

Guardia Zibilaren hainbat auto, Erandion. Argazkia: Iker Salgado
Polizia operazioa Erandion.
Hiru atxilotu Bizkaian, Llaneseko zinegotzi baten hilketarekin zerikusia dutelakoan

0:38

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak hiru gizon atxilotu ditu gaur Bizkaian eta laugarren bat Suitzan, Francisco Javier Ardines Gonzalez Llaneseko (Asturias) IUko zinegotziaren hilketarekin zerikusia dutelakoan.

Barne Ministerioak ohar batean jakinarazi duenez, sei hilabeteko ikerketa konplexu baten ostean egin dituzte atxiloketok. Guardia Zibilak lau pertsona identifikatu ditu hilketan parte hartu dutelakoan. Horien etxeak miatu ditu Guardia Zibilak.

Laurak Bizkaiko bizilagunak dira. Erandion, Zornotzan eta Bilbon atzeman dituzte horietatik hiru, euren etxebizitzetan, eta laugarrena, Suitzan. Espainiaratzeko eskaera egin dute jada.

Etxebizitzetako miaketak amaitutakoan, Bizkaian atxilotutako hirurak Guardia Zibilaren kuartel batera eraman dituzte.

Ardines, IUko 52 urteko zinegotzia, 2018ko abuztuaren 16an hil zuten, Belmonte de Prias (Llanes) herrian zuen etxetik gertu. Autopsiaren arabera, jasotako jipoiaren ondorioz hil zen gizona; gorpua bere etxetik 300 metrora topatu zuten.

Sikario ez profesional batzuek egin zuten hilketa

Ikertzaileek uste dute drogaren munduan aritu diren sikario ez profesional batzuek hil zutela, ikerketaren iturriek EFE albiste-agentziari jakinarazi diotenez.

Antza denez, 48 urteko gizonezko batek agindu zuen hilketa. Ardinesen emaztearen lehengusinaren senarra da, eta udan LLanesen bizi zen.

Arrazoi politikoak edota drogen trafikoa hilketaren arrazoi izatea baztertu du Guardia Zibilak.

Llaneseko 1 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak zuzendu du ikerketa, eta sekretupean dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Erandio Bizkaia Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Asturias Erailketak albisteak