Gizartea -
Indarkeria matxista
Sara Majarenasen alabaren erasotzaileak aske jarraituko du epaiketa egin bitartean
Epaileak erabakia berresten duen autoa kaleratu du gaur. Fiskaltzak ez zuen Izar labankadaz hiltzen saiatu zen gizona berriro espetxeratzea eskatu.
EITB.EUS
Sara Majarenas preso ohiaren Izar alabari eraso zion gizonak behin-behinean aske jarraituko du epaiketa egin bitartean. 2017ko urtarrilaren 17an Izar labankadaz hiltzen saiatu zen.
Atzo, asteazkena, Picassenteko Instrukzio Epaitegian (Valentzia) egindako auzi-saioan, Fiskaltzak ez zuen eskatu Izarren erasotzailea berriro kartzelan sartzeko. Defentsak, ostera, espetxeratzea eskatu zuen.
Iragan ostiralean, Picassenteko Instrukzio Epaitegiak baldintzapean aske utzi zuen Sara Majarenas preso ohiaren Izar alabari eraso zion gizona. Epaitegiarekin loturarik ez duten arrazoiak direla-eta, instrukzio-fasea gehiegi luzatu delako eta erasotzaileak bi urteko behin-behineko espetxealdia bete duelako erabaki zuen gizona aske uztea. Hala ere, umea eta ama babesteko asmoz, kautelazko hainbat neurri ezarri zizkion.
Euskal Autonomia Erkidegoan sartzea galarazita izango du; telematikoki kontrolatzeko gailu bat eraman beharko du, non dagoen jakiteko eta haiengana hurbiltzen ez dela bermatzeko; astean behin epaitegian sinatu beharko du, eta egunero polizia-etxe batean; pasaportea kendu diote eta debekatuta izango du Estatutik ateratzea.
Epaileak gaur berretsi du erabakia, auto baten bidez. Hala, erasotzaileak behin-behinean libre jarraituko du.
Sara Majarenasen defentsak helegitea iragarri du.
Sara Izarrekin plataformak elkarretaratzea deitu du 18:30erako, Donostiako epaitegiaren aurrean.