Gizartea -

Igandean '360º'en

'Zazpi urtez bizkartzainekin bizi izan gara, seme-alabek ez dute askatasunik izan'

Itziar Loinazek bere esperientzia kontatuko du, senar ohiak 13 urteko semea hil zionetik bizitakoa, 22:15ean, ETB2n.

Itziar Loinaz Julen Serranoren ama. Argazkia: EiTB
Itziar Loinaz Julen Serranoren ama
Itziar Loinaz Julen Serranoren ama. Argazkia: EiTB

M.G | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Seme-alabak indarkeria matxistaren biktima zuzenak dira, sarraski horren ondorioak pairatzen dituzte egunero, baita euren azalean ere. Igande honetan, 22:15ean, ETB2n, '360º' saioak gai horri helduko dio, indarkeria mota horren biktima zuzenak diren pertsonekin.

Itziar Loinaz dago saioan lekukotza emango duten biktimen artean. Julen Serranoren ama da Loinaz, 2011n, dibortzio prozesuaren erdian, aitak hil zuen 13 urteko mutiko donostiarraren ama, hain zuzen.

Loinazek gogorarazi du amesgaiztoa 2011n hasi zela, senarrak apustuekin zuen adikzioa zela eta, banatzea erabaki zuenean. Emaztea izan zen dibortzio paperak aurkeztu zituena: "Gizonak oso gaizki hartu zuen. Papera eman nion momentuan, sakelako telefonoa txikitu zuen. (Lan egiten zuen) Jatetxetik atera eta etxean itxarongo zidala esan zidan".

Aurrerago, abenduaren 1ean, Itziar Loinazek musu eman eta agur esan zion semeari edozein egunetan bezalaxe, baina ez zuen gehiago ikusi. Eguerdian amaginarreba ohiak deitu zion semea ez zuelako aurkitzen. Goiz hartan, aitak semea etxera eraman eta hil egin zuen. Loinazek aitortu du bazekiela gizonari "haurrak ez zitzaizkiola gehiegi axola", baina ez zekien "horrelako zerbait egiteko gai izango zenik".

Egun hartatik aurrera, hurrengo urteak gurutze-bidea izan ziren Julenen amarentzat, ezin baitzuten kalera atera bizkartzainen laguntzarik gabe: "Zazpi urtez bizkartzainekin bizi izan ginen, nire seme-alabek ez zuten askatasunik. Ez zuten askatasunik haurrek egin behar zituzten gauzak egiteko".

Zazpi urte horietan epaiketak eta helegiteak argitu eta gero, Luis Serranori 19 urteko kartzela zigor irmoa jarri zioten semea hiltzeagatik iragan urtarrilean, eta gaur egun askatasun osoz atera litezke kalera. Orain, Loinaz eta gainerako seme-alabak "egunerokoaz gozatzen" saiatzen dira, Julenen atala ixten saiatzen, baina "sekula ere ez" dutela lortuko jakinda.

'Ingancia golpeada' izango da igande honetan, ETB2ko '360º' saioan, 22:15ean, emango duten erreportajearen goiburua eta, Itziar Loinazez gain, seme-alabak gogor jo dituen beste indarkeria matxista kasu batzuen biktimak ere egongo dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gizartea Euskal Herriko telebista Emakumeen kontrako tratu txarren salaketak Albisteak Genero-indarkeriaren biktimentzako laguntza Mundu matxista