Gizartea -
Harrapatzea
Ertzaintzaren auto batek ume bat harrapatu du Gasteizen
Larrialdi zerbitzuan zihoan ibilgailua, Atletico Madrilen eta Alavesen zaleen arteko liskar batera. Larunbatean izan zen harrapatzea, 17:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzaren patruila-auto batek bost urteko haur bat harrapatu du Gasteizko alde zaharrean. Atletico Madrilen eta Alavesen zaleen arteko liskar batera zihoan autoa, larrialdi zerbitzuan. Haurra osasun zentro batera eraman behar izan zuten.
Udaltzaingoak informatu duenez, harrapatzea larunbatean izan zen, 17:00ak inguruan, Arabako hiriburuko Andre Maria Zuriaren plazan. Antza, umea galtzadan sartu zen.
Larrialdi zerbitzuan zihoan poliziaren autoa, Atletico eta Alavesen arteko Mendizorrotzako partida baino lehenago gertatutako liskar batera.
Momentu horretan, umea galtzadan sartu zen, eta ibilgailuak haurra jo zuen. Ospitalera buruan kolpea zuela eraman zuten haurra. Esan dutenez, ez zen larria izan.
Harrapatzearen ostean, Pintore kalean Alaveseko zaleen talde batek Atletico zale bati eraso egin ziotela esan zuen Segurtasun sailak. Buruan zaurituta eraman zuten ospitalera.