Gizartea -
Indarkeria matxista
Getxoko sexu-erasoa egotzita atxilotu duten gizona, libre karguekin
Epaileak urruntzeko agindua ezarri dio, eta biktimarengandik 300 metrora ezin izango da hurbildu. Gertakariak “irmo gaitzetsi” ditu Getxoko Udalak.
Agentziak | Erredakzioa
Epailearen aurrean arratsaldean deklaratu ondoren, sexu-erasoa leporatuta Getxon atxilotutako gizona libre karguekin geratu da. Gainera, gizona ezin izango da biktimarengandik 300 metrora hurbildu, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Dirudienez, sexu-erasoa asteazken arratsaldean gertatu zen, erasotzaileak biktimari lan eskaintza faltsua egin ondoren, Areetan (Getxo).
Gertakariak “irmo gaitzetsi” ditu Getxoko Udalak. Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gaitzetsi ditu, eta edozein sexu-erasoren aurrean “zero tolerantzia” iragarri du.
Elkartasuna adierazi dio Udalak emakume salatzaileari, baita babes osoa eskaini ere. Kasuak “emakumeen aurkako indarkeria arazoaren zati bat bakarrik erakusten du, haztegia emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna baita”, erantsi duenez.
“Emakumeen aurkako indarkeria, bere forma ezberdinetan (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala), duintasunaren zein osotasun fisiko eta moralaren kontrako eraso serio bat da. Ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezin bat da”, salatu du.
____________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.