Gizartea -
Genero indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Bermeon bikotekideari eraso egitea egotzita
Biktimak tratu txar psikologikoak ere jasan dituela salatu du.
Agentziak | Erredakzioa
37 urteko gizon bat atxilotu dute Bermeon (Bizkaia) bikotekideari hainbat muturreko ematea leporatuta. Erasoa bart gauean gertatu da, hamarrak aldera, emakumea etxera itzultzean; gizonak, haserre, non egon den galdetu dio, eta ukabilkadak eman dizkio, Segurtasun Sailak asteazken honetan jakitera eman duenez.
Biktimaren arabera, hainbat muturreko eman ostean, gizonak burutik hartu, eta sofaren kontra jarri du, arnasa hartzea saihestuz.
Azkenean, baina, emakumeak etxetik ihes egin du, eta lagun baten etxera joan da. Poliziari deitu diote bertatik, eta patruila bat bertaratu da, gertatutakoa argitzeko. Biktimaren urduritasuna ikusita, anbulatoriora eraman dute.
Ertzaintzak emakumearen salaketa jasotakoan, gizona atxilotu dute, genero indarkeria leporatuta.
Emakumeak tratu txar psikologikoak ere jasan dituela salatu du.
_____________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.