Gizartea -

Epaiketa Bilbon

Emakume bati sexu-abusuak egiteagatik auzipetutako 3 gizonak zigortzea eskatu dute

Epaiketaren bigarren saioan lekukoek deklaratu dute. Erasoa 2017an gertatu zen, Bilbon. Epaiketa ateak itxita egiten ari dira, biktima babesteko asmoz.

Kartzelatik epaitegira eraman dituzte hiru akusatuak. Argazkia: EFE
Kartzelatik epaitegira eraman dituzte hiru akusatuak.
Kartzelatik epaitegira eraman dituzte hiru akusatuak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbon emakume bati sexu-abusuak egiteagatik auzipetutako hiru gizonen aurkako epaiketaren bigarren saioa egin dute asteazken honetan Bizkaiko Auzitegian. Erasoa grabatzea eta bideoa sakelako telefonoaren bidez zabaldu izana ere leporatzen diete.

Epaiketaren bigarren saioan lekukoek hitz egin dute. Atzo, akusatuek eta biktimak deklaratu zuten.

Hiru auzipetuek 20 eta 28 urte zituzten gertakariak jazo zirenean. Egun behin-behineko espetxealdian daude. Fiskaltzak ia 80 urte arteko kartzela-zigorrak eskatu ditu, eta akusazio partikularrak 100 urtetik gorakoak.

Defentsako abokatuek, berriz, absoluzioa eskatu dute.

Akusazioaren arabera, Bilboko Santutxu auzoko Solokoetxe inguruan gertatu zen erasoa, dantzaleku batetik atera berritan, 2017ko urtarrilaren 14an, goizaldean. Biktima edanda zegoela baliatuta, hiru gizonek neska gaztea inguratu zuten eta sexu-abusuak egin zizkioten.  

Inguruko segurtasun kamerei esker identifikatu eta aurkitu ahal izan zituzten akusatuak.

Lekukoei entzun eta gero, aldeek euren eskaerak berretsi dituzte. Bihar perituen txanda izango da.

Epaiketa ateak itxita egiten ari dira, 'La Manada' auziarekin gertatu zena saihesteko, kasuari buruzko xehetasunak publiko ez egiteko eta biktima babesteko asmoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista Bizkaia Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa