Gizartea -

Presoak

Zaballako espetxean aurten dagoeneko lau pertsona hil direla salatu dute

"Ekidin zitekeen tragedia isilarazi dute", kritikatu dute dozena bat eragile baino gehiagok. "Inguruabarrak argitzeko agintarien erabateko borondate faltak kezkatzen gaitu", azpimarratu dute.

Salhaketaren protesta. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Zaballako espetxean aurten dagoeneko lau pertsona hil direla salatu dute
Salhaketaren protesta. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaballako (Araba) kartzelan lau preso hilik agertu ondoren, dozena bat eragile baino gehiagok, besteak beste, Salhaketak, "kezka" azaldu dute. Hildako hiru preso 30 urtez beherakoak ziren. Hilabete bakoitzean hildako bat izan dela nabarmendu dute. Guztira, Espainiako kartzeletan 79 pertsona hil dira bost hilabete eskasetan, bat bi eguneko.

"Ekidin zitekeen tragedia isilarazi dute", salatu dute agiri batean. "Heriotza gehienak arrazoi ez naturalengatik gertatzen dira", zehaztu dute. "Gertakari tamalgarria hau, Barne Ministerioak ez du jakinarazten, iragarritako heriotzen kronika berri bat da kartzeletan, guk salatu bezala", gogorarazi dutenez.

"Heriotzen inguruabarrak argitzeko orduan, agintari politikoen eta judizialen erabateko borondate faltak kezkatzen gaitu", nabarmendu dute.

"Egoera onartezina da, heriotza gehienak saihestu daitezkeenean, indarrean dagoen legedia zorrotz aplikatzearekin soilik", azpimarratu dute.

"Heriotza gehienak arrazoi ez naturalengatik gertatzen dira"

Espetxe eskumenen transferentziarekin, egoerari aurre egiteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari; izan ere, kartzeletako osasun gaietan "eskumenak ditu"; "Segurtasun eta Justizia sailek sekula ez diete erantzun, heriotzak EAEn gertatzen ari direnean", gogorarazi dute.

Azkenik, heriotzekin bukatzeko neurri-sorta eskatu dute, halakorik berriz ez gertatzeko eta "kartzeletako biktimen" senitartekoak artatzeko.

Xabier Gonzalez Garcia 28 urteko gazte bizkaitarraren heriotza azkena izan da. Haren senideek "une lazgarri honetan ere presente egon nahi izan dute, Zaballan aurten hildako 4. gaztea zenbaki izatetik izen izatera pasa dadin", adierazi dute. "Ez dute haiei gertatutakoa inori gertatzerik nahi", azpimarratu dute.

"Xabierrek bi urte eta lau hilabete zeramatzan Zaballan eta denbora luze horretan ez zioten bere hiru alabak ikusten utzi; azken hilabeteetan, ezta bere bikotea ere", salatu dute.

"Haren gurasoek argi utzi nahi dute Zaballako espetxean nagusi den nahasmena, non oso zaila egin zaien Xabierrek kartzelan jasandako egoeren inguruan kartzelari informazioa transmititzea", azaldu dute.

"Aurreko kasuetan bezala, senideei telefonoz eman zitzaien Xabierren heriotzaren berri; ez dute laguntza psikologikorik izan", gaineratu dute.

"Ez dituzte haien eskubideen inguruan behar bezala informatu; hortaz Xabierren gorpua erraustu zuten, lehen autopsiaren txostena izan aurretik. Gauzak horrela, behar izatekotan, ezinezkoa litzateke bigarren autopsia bat egitea", esan dute.

"Oraindik ez dakigun arren zein izan den Xabierren heriotzaren arrazoia, ondo dakigu, kustodiapeko heriotza gehienak bezala, hau ere ekidin zitekeela, ez dela naturala", ondorioztatu dute. Azkenik, senideak auzian aurkeztuko direla iragarri dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Presoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak