Gizartea -

HERRI URRATS

Milaka pertsona batu dira Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festan

36. edizioa ospatu dute igande honetan. Irekiera ekitaldian, Seaskako ordezkariek irakasleen auzia konpondu arte "borrokan jarraituko" dutela ohartarazi dute.

Herri Urratsen kontzertu gune bat. Egilea: Olaia Otxoteko | Euskadi Irratia
Herri Urratsen kontzertu gune bat.
Eguraldia lagun, milaka euskaltzalek hartu dute Senpereko aintzira

1:28

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herri Urratsen 36. edizioa ospatu dute gaur, maiatzak 12, Senperen. #LK lelopean, milaka euskaltzale elkartu dira Senpereko aintziran, Ipar Euskal Herriko ikastolei elkartasuna adierazi eta euskarari beste bultzada bat emateko asmoz.

Aurten, Manex Erdozainzi Etxart Kolegioa eta Bernat Etxepare Lizeoa berritzeko baliatuko du Seaska Iparraldeko Ikastolen Federazioak bildu den dirua. Horregatik, Lizeoa ea Kolegioa adierazten duen #LK lelopean egin du deia oraingoan Seaskak bere 50. urteurrenarekin egokitu den Herri Urratsera.

Gaur egun 4.000 ikasle inguru ditu ikastolen sareak, 200 ikasle gehiago irabazten dituzte gutxi gorabehera urtero, eta 37. ikastola inauguratuko dute laster, Arbona eta Ahetze inguruan.

10:00etan izan da irekiera ofiziala eta bertan izan dira Seasko ordezkariak, hainbat kargu politiko eta instituzional, nahiz kultur arloko pertsona ezagunak. Paxkal Indo Seaskako presidenteak esan du Frantziako Hezkuntza Departamentuaren erantzuna behar dutela irakasleen auziaren inguruan eta euren eskariak ase bitartean "borrokan jarraituko dutela". Seaskak 30 irakasle eskatu dizkio, eta Hezkuntzatik, momentuz, 5 baino ez dizkie agindu.

Seaskaren arabera, irakasleen beharra gero eta handiago da Iparraldeko ikastoletan, datorren ikasturtean 200 ikasle gehiago izango dituzte eta; horregatik, arazo honi behin betiko irtenbidea ematea nahi dute. Bestela, protestan jarraituko dute: "Borrokan eman ditugu Seaskan 50 urte eta lortu arte, borrokan jarraituko dugu".

Ildo horretan, bost kontzentrazio deitu dituzte datozen ostiralerako, Iparraldeko hiri nagusietan, Baionan eta Donibane Lohizunen, esate baterako.

Indoren iritziz, Macronen Gobernua "inoizko Gobernu txarrena da", eta "murgiltze ereduaren aurka dago", baina borrokan jarraituko dutela ohartarazi du.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, bere aldetik , instituzioen arteko lankidetza goraipatu du "euskara indartzeko" modu gisa. Irekiera ekitaldian egin duen hitzaldian ondorengoa nabarmendu du: "Aspaldi konturatu ginen errazagoa dela aurrera egitea guztiok eskutik egiten badugu; edo beste era batera esanda, elkarrekin lan egingo ez bagenu, kaltetua euskara litzateke, eta horrekin, gu guztiok".

Ildo horretan, Hiruko Ituna goraipatu du, azken bi urte hauetan Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren arteko akordioa, Hizkuntza Politikaren arloan lankidetzan aritzeko.

Egitaraua

36. edizio honetan Ipar Euskal Herriko Ikastolen festak egitarau luzea eta ugaria prestatu du igande honetarako, Senpereko aintziran, adin guztietako jendearentzat. Herri Urrats zazpi gunetan banatu dute: Araba, Baxe Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa.

Gune guztietan jokoak, tailerrak, janari-postuak eta zuzeneko emanaldiak egon dira eta, horien artean, En Tol Sarmiento eta McOnak musika taldeek jo dute.

Bestalde, Baxe Nafarroa zonaldean "Erronka" lehiaketa prestatu dute, bi txanda egon dira soilik, eta bertan zazpi lurraldetako euskal ikasleek parte hartu ahal izan dute. Ikastolen jaietan gazteen partaidetza aktiboa sustatzea da ekimen horren asmoa. Gauzak horrela, taldeka egin beharreko probak gainditu behar izan dituzte gazteek, "ikasleen abilezia, indarra eta abiadura neurtzeko".

Ikastolen Elkartetik adierazi dutenez, helburua da "jai eredu parte-hartzailea eta osasuntsua" sustatzea.

2013an sortu zen egitasmoa, Tolosako Kilometroetan eta, harrezkeroztik, ikastolen jai guztietan izan da. Herri Urratsen ostean, gazteek proiektu honetan parte hartu ahal izango dute Ibilaldian, Araba Euskarazen, Kilometroetan eta Nafarroa Oinezen.

Herri Urrats 2019

Senpereko lakura iristea errazteko, Seaskak autobusak antolatu ditu Ipar Euskal Herriko hiri nagusietatik, eta Senpere eta aintzira lotzeko ere bai.

HIRU3 gunea

Iparraldeko ikastolen aldeko festan, HIRU3 gunea egon da eta hainbat ekitaldi izan dira bertan gaztetxoenei zuzenduta; Araba izeneko 1. gunean, haurren xokoan, bildu dira haurrentzako jarduerak, hain zuzen.

Gorritxo, bertan izango da umeak agurtzen, eta berarekin argazkia ateratzeko aukera izan dute bertara hurbildu diren guztiek. Horretaz gain, '3TXULO' saioko pertsonaien eta ETB3ko marrazki bizidunen irudiekin txapak egiteko tailerra ere egon da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kontzertuak Euskaraz Iparraldeko ikastolen jaia Iparraldea berriak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea